Herria itsaso - logotipoa
Bilatu (+34) 943 896 024 | udala@getaria.eus | 8:30-15:00
Bikain ziurtagiria logoa

Itzulpen automatikoa / Machine translation

Kiroldegi kanpoko estalpea egokituta geratu da skatepark berriarekin.

maiatza / 31, 2026

Lau moduluz osatutako ekipamendu mugikorra da, eta 37.529,36 euroko kostua izan du, BEZa barne. Ekipamendu berriaren instalazioarekin, kiroldegi kanpoko espazio berria egokituta geratu da.

Nahitaezko azken inspekzioa gainditu ondoren, Getariako Udalak gaur jarri du martxan estalpeko skatepark berria. Ekipamendua lau moduluz osatuta dago, eta, behar izanez gero, mugitzeko aukera izango du; izan ere, estalpea erabilera eta behar desberdinei erantzuteko pentsatutako espazio polibalentea da. Instalazioak 37.529,36 euroko kostua izan du, BEZa barne.

Ekaitz Esteban kirol zinegotziak nabarmendu duenez, “skatepark berriaren bidez beste erabilera bat gehitzen zaio estalpeari, eta horrek erakusten du espazio hau erabilera eta behar desberdinetara egokitzeko pentsatua dagoela. Helburua da herritarrek, eta bereziki gazteek, kirola egiteko eta elkarrekin egoteko aukera berriak izatea, espazio estali, seguru eta erabilgarri batean”.

Bestalde, estalpeko lanei dagokienez, obra amaiera eman zaiela jakinarazi dute Udal arkitektoak eta obra zuzendaritzako arkitektoak astearteko Batzorde Informatiboan. Obraren amaiera 798.995,09 eurorekin itxi da, BEZa barne. Bertan azaldu dutenez, lanak oro har ondo joan dira, eta prozesuan zehar hainbat hobekuntza ere sartu dira, espazioaren erabilera eta segurtasuna indartzeko.

Hobekuntzen artean, zoruan Composanen SportLife pabimendua, Compodur PU Sealer barniza eta “antislip” gehigarria daraman polimeroa aplikatu dira, mantentze-lanetarako ibilgailuen sarrera ahalbidetzeko eta zorua irristagaitza izateko. Egindako penduluaren probak erakutsi du zoruak indarrean dagoen araudia erraz betetzen duela.

Segurtasunari dagokionez, estalpeko hanketako torlojuak babesteko 3Dn espresuki fabrikatutako piezak jarri dira, eta argiteriaren heldulekuak ere errefortzatu dira, erabilera desegokiak saihesteko. Era berean, teknikariek azaldu dute estalpeak dagokion normatiba betetzen duela.

Gogorarazi behar da estalpeari lehen irekiera apirilaren 14an eman zitzaiola, eta ordutik bukatzeke zeuden hainbat lan egin direla. Besteak beste, argiteriari alta eman eta martxan jarri da —ordutegi jakin bat izango du—, eta pare bat aulki ere ezarri dira.

Herrian azken urteetan egin diren gainerako obrekin bezala, estalpearen kasuan ere aldizkako jarraipena egiten jarraituko da, espazioaren egoera egokia bermatzeko eta beharrezkoak izan daitezkeen neurriak hartzeko.

Azkenik, Udalak herritarrei eskatu nahi die ingurua zaintzeko eta arduraz erabiltzeko, guztion espazioa baita. Estalpea herritarren erabilerarako espazio estali eta polibalente gisa sendotzen ari da, eta skatepark berriaren bidez gazteentzako eta kirol erabilerarako aukera berriak eskaini nahi dira.