Jaiak askatasunez eta segurtasunez bizitzeko protokolo berria aurkeztu du Getariak
Getariako Udalak, Getariako Gazte Asanbladak eta Sortzen Aholkularitzak elkarlanean landutako tresnak jai eta aisialdi-guneetan indarkeria matxista prebenitzeko eta horren aurrean modu koordinatuan jarduteko irizpideak ezartzen ditu.
Getariako Udalak, Getariako Gazte Asanbladak (GGA) eta Sortzen Aholkularitzak gaur aurkeztu dute Getariako jai eta aisialdi-guneetan indarkeria matxistaren aurrean prebentzio eta jarduteko protokoloa. Elkarlanean landutako tresna honen helburua da jaietan eta aisialdi-guneetan gerta daitezkeen indarkeria matxistako egoerak prebenitzea, identifikatzea eta horiei modu koordinatuan erantzutea, herritarren, tokiko eragileen eta erakundeen arteko lankidetza sustatuz.
Aurkezpenean nabarmendu denez, protokoloa ez da dokumentu tekniko hutsa, baizik eta herriko errealitatetik eta herritarren ekarpenetatik sortutako tresna. Bere balio nagusia ez dago jasotzen dituen jarduteko irizpideetan bakarrik, eraikitzeko moduan ere: herriko eragileen ezagutza, esperientzia eta ekarpenak oinarri hartuta osatu da.
Diagnostiko parte-hartzailea, abiapuntu
Protokoloa udalerrian egindako diagnostiko parte-hartzaile batean oinarritzen da. Prozesuan gazte mugimenduko kideek, talde feministek, kirol eta aisialdi elkarteek, udaleko teknikariek eta herritarrek parte hartu dute, jai eta aisialdi-guneetan indarkeria matxistaren eta sexu-indarkeriaren inguruko errealitatea elkarrekin aztertuz.
Diagnostikoak erakutsi du jai-guneetako segurtasunaren pertzepzioa ez dela berdina pertsona guztientzat. Emakumeek eta beste kolektibo zaurgarri batzuek arrisku-egoerak maizago bizi edo hautematen dituzte, eta horregatik protokoloak haien segurtasuna eta eskubideak jartzen ditu erdigunean.
Era berean, ondorioztatu da orain arteko erantzunak gehienetan erreaktiboak izan direla; hau da, erasoa gertatu ondoren aktibatu direla baliabideak. Horren aurrean, protokolo berriak prebentzioa, lehen harrera eta eragileen arteko koordinazioa lehenesten ditu, indarkeria matxistaren aurrean erantzun bateratu eta eraginkorragoa emateko.
Diagnostikoak, gainera, udalerriaren indarguneak eta hobetu beharreko alderdiak identifikatu ditu. Herritarren sentsibilizazioa, mugimendu feministaren lana eta prebentzio-ekimenak nabarmendu dira, baina baita koordinazioa eta jarduteko irizpide bateratuak sendotzeko beharra ere.
Prebentzioa eta koordinazioa erdigunean
Diagnostiko horretatik abiatuta diseinatu da gaur aurkeztutako protokoloa. Horretarako, hainbat lan-saio egin dira udaleko teknikarien, Gazte Asanbladaren, elkarteen eta gainerako eragileen artean. Jasotako ekarpen guztiak sistematizatu ondoren osatu da dokumentua.
Protokoloak jarduteko irizpide eta ibilbide argiak ezartzen ditu: lehen harrera nola egin, egoera bakoitzean nola jokatu, komunitatearen erantzuna nola antolatu eta, beharrezkoa denean, biktimak baliabide espezializatuetara nola bideratu.
Helburua ez da soilik eraso bati erantzutea, baizik eta erasoak prebenitzeko baldintzak sortzea, jai-guneak guztiontzat seguruak, inklusiboak eta errespetuzkoak izan daitezen.
Herritarren eskura
Protokoloa PDF formatuan ere eskuragarri egongo da, herritar guztiek nahi dutenean kontsultatu eta deskargatu ahal izan dezaten.
Horrez gain, abuztuaren hasieran, herriko etxe guztietan informazio-materiala banatuko da. Alde batetik, indarkeria matxistaren prebentzioari eta erasoren bat gertatuz gero nola jokatu azaltzen duen triptiko bat buzoneatuko da. Bestetik, poltsiko-formatuko txartel bat ere banatuko da, herritar guztiek une oro eskura izan dezaten. Bertan, indarkeria matxistaren aurrean arreta eta laguntza eskaintzen duten telefono publiko nagusiak jasoko dira.
Elkarlanetik sortutako tresna
Protokolo hau hiru eragileren arteko elkarlanaren emaitza da, eta horixe da bere indargune nagusietako bat. Herriko errealitatea eta bertako eragileen esperientzia oinarri hartuta osatu da, prebentzioa, koordinazioa eta komunitatearen inplikazioa ardatz dituen tresna praktiko eta erabilgarria eskaintzeko.
Dokumentua, gainera, tresna bizia izango da, etorkizunean eguneratzen eta hobetzen joango dena, herritarren eta herriko eragileen ekarpenekin aberastuz.
Helburua argia eta partekatua da: Getariako jaiak askatasunez, berdintasunez eta errespetuz bizitzeko espazioak izatea, indarkeria matxistarik gabeko herri baten alde lanean jarraituz.


