Herria itsaso - logotipoa
Bilatu (+34) 943 896 024 | udala@getaria.eus | 8:30-15:00

Itzulpen automatikoa / Machine translation

Iraileko osoko bilkuraren laburpena

iraila / 26, 2024

Astearte honetan, irailak 24, arratsaldeko 19:00etan osoko bilkura izan da Getariako Udaletxean eta 6 puntuk osatu dute gai zerrenda, guztiak aho betez onartu dira. Besteak beste, Getarian euskara indarberritzeko eta euskaldunok ahalduntzeko AROA izena duen marko estrategikoa, 2025 urterako ordenantza fiskalak eta aparkamenduen udal ordenantza aldatzea onartu dira.

2025 urterako ordenantza fiskalen aldaketak:

  • Zerga eta tasen igoera %2,9 izango da, 2024ko EAEko KPIaren igoeraren araberakoa, EUSTATen arabera. (Uztaileko datuak kontuan hartuta, orain arte egin diren igoerak bezala)
  • Indarrean dagoen araudiak aplika daitezkeen hobari eta bonifikazioak mugatu egiten ditu, beraz, Getariako Udalak bere eskumenen barruan egin ditzakeen hobekuntzak egin ditu. Zerga eta tasen igoerak guztiei berdin eragiten ez dienez, iaz onartu ziren hobari eta bonifikazioak mantendu eta baten bat hobetzea proposatu eta onartu da, esaterako:
    • Bizigune Programan etxebizitza hutsa sartzeagatik %75eko hobaria Ondasun Higiezinen gaineko Zergan. Hobari honek etxebizitza politikan oinarritutako behar bati erantzuten dio; zehazki, Getariako alokairu-merkatua biziberritzeko ahaleginari.
    • Trantsizio energetikoaren inguruan ezarritako hobari batzuei zehaztapen batzuk gehitu dizkiegu. Adibidez, Trakzio Mekanikozko Ibilgailuen gaineko Zergaren baitan energia elektrikoa soilik ibiltzen dutenei edo hibridoei ezarritako hobariak gehienez ere hiru ekitaldi ekonomikotara mugatu ditugu; izan ere, ezin ukatu daiteke ezaugarri horiek dituzten ibilgailuak errenta-maila altuagoak dituztenek erosten dituztela. Neurri honekin trantsizio-energetikoaren eta gaitasun-ekonomikoaren eta justizia sozialaren araberako fiskalitatearen arteko oreka topatu nahi izan da.

Ibilgailuentzako aparkalekuen udal ordenantzaren aldaketa:

  • Hemendik aurrera egoiliarrentzat 8 aparkaleku gehiago izango ditugu herrian. Irudian ateratzen den bezala, Sahatsaga kaleko egoiliarren ezker aldeko aparkalekuak jarraituz, 8 aparkaleku gehitu dira.
  • 2025etik aurrera egoiliarren sistema Aste Santutik ekainera bitarteko eta urriko asteburuetan eta jai egunetan egongo da martxan.

GAI ZERRENDA:

  1. Zarautz Jauregiaren obra arkitektonikoaren (2022IKIE0001) 13. lan-ziurtagiria onartzea eta ordaintzea, hala badagokio. Irizpenaren onarpena: 11 aldeko boza (6 EH Bildu eta 5 EAJ)
  1. Zarautz Jauregiaren obra arkitektonikoaren (2022IKIE0001) 14. lan-ziurtagiria onartzea eta ordaintzea, hala badagokio. Irizpenaren onarpena: 11 aldeko boza (6 EH Bildu eta 5 EAJ)
  1. Getarian euskara indarberritzeko eta euskaldunok ahalduntzeko marko estrategikoa (Aroa) onartzea, hala badagokio. Irizpenaren onarpena: 11 aldeko boza (6 EH Bildu eta 5 EAJ)
  1. 2025 urterako ordenantza fiskalak aldatzeko irizpenaren onespena, hala badagokio. Irizpenaren onarpena: 11 aldeko boza (6 EH Bildu eta 5 EAJ)
  1. Soldata igotzeko irizpenaren onespena, hala badagokio. Irizpenaren onarpena: 11 aldeko boza (6 EH Bildu eta 5 EAJ)
  1. Ibilgailuentzako aparkalekuen Getariako udal ordenantza aldatzeko irizpenaren onespena, hala badagokio. Irizpenaren onarpena: 11 aldeko boza (6 EH Bildu eta 5 EAJ)