Hasiera eman zaio HAPOaren diagnostiko-faseari.
Getariako Udalak Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) lantzeko prozesua jarri du martxan, 2025eko martxoaren 21eko Alkatetzaren probidentziaren bidez abiatutako prozeduraren ondorioz. Dokumentu horretan, indarrean dauden arau subsidiarioak berrikusteko erabakia hartu zen, udalerriaren etorkizun urbanistikoa eguneratzeko helburuarekin.
Plana idazteaz arduratuko den lan-taldea kontratatuta, Udalbatzak 2025eko uztailaren 29ko osoko bilkuran, aho batez, herritarren parte-hartze programa onartu zuen, eta hortik aurrera berrikuspen-prozesuari formalki ekin zitzaion.
Prozesuaren lehen urratsetan, udalerriaren egungo egoerari buruzko diagnostiko bat egin da. Diagnostiko horrek udalerriak datozen urteetan izango dituen erronken lehen hurbilketa eskaintzen du, eta etorkizuneko Plan Orokorrak 15 urte inguruko epean eman beharko dituen erantzunak identifikatzen lagunduko du. Epe hori, prozeduraren iraupena kontuan hartuta, 2043. urte inguruan kokatzen da.
Lehen urratsa: Hirigintza-informazioa eta diagnostiko baterako hurbilketa
HAPOaren lehen fasean, udalerriaren egungo egoera ezagutzeko eta aztertzeko lanak egiten dira.
Horretarako, hainbat arlotako datu teknikoak biltzen dira:
-
lurzoruaren erabilerak eta antolamendua
-
biztanleria eta etxebizitza
-
jarduera ekonomikoa eta azpiegiturak
-
ondarea eta ingurumen-balioak
Informazio horren bidez udalerriaren “argazki orokorra” egiten da, eta horren gainean lehen diagnostikoa eraikitzen da.
Diagnostiko horrek laguntzen du Getariak datozen urteetan izango dituen erronka eta aukerak identifikatzen, eta Plan Orokorraren norabidea zehazten.
Interesdunek jada “Hirigintza-informazioa eta diagnostiko baterako hurbilketa” dokumentua eta planoak eskura ditzazkete HEMENDIK (Hirigintza Informazioa atalean).
HAPOa idazten ari diren lan-taldeko kideen parte-hartzearekin dokumentuaren jendaurreko aurkezpena ere egingo da, herritarrek hurbilpen honen nondik-norakoak zuzenean ezagutu eta ekarpenak egiteko:
📅 Eguna: abenduak 18
🕡 Ordua: 18:30
📍 Lekua: Zarautz jauregia


