Gipuzkoako kostaldeko Udalek hitzarmena adostu dugu Aldundiko Jasangarritasun Departamentuarekin.
Gaur goizean erdietsi dugu Gipuzkoako kostaldeko udalok (Mutriku, Deba, Zumaia, Getaria, Zarautz, Orio eta Hondarribia) eta Foru Aldundiak hondartzetako zerbitzuen finantziaziorako akordioa. Hondartzen Mahaian berretsi dute akordioa kostaldeko herrietako alkate eta zinegotziek eta Jose Ignacio Asensio Jasangarritasun Diputatuak. Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak, kostaldeko alkateen izenean, adierazi duenez “berri pozgarria da, batez ere udal txikienentzat, eta, hasierako eskaerari bere horretan erantzuten ez bazaio ere, aurrerapauso garrantzitsua da”. Jasangarritasun Diputatuak azaldu duenez, “akordio honekin Jasangarritasun Departamentuak 4 milioi euroko inbertsio gehigarria bideratuko du 2025, 2026 eta 2027ko hondartza denboraldietarako, eta pausu garrantzitsua izango da”.
Gipuzkoako kostaldeko udalek urteetan Gipuzkoako Foru Aldundiari egindako eskaera izan da hondartzen kudeaketa integrala Aldundiak bere gain hartzea. Hondartza denboraldiak ahalegin handia egitea eskatzen die udal hauei, bai ekonomikoa eta baita administratiboa ere, eta Bizkaiko eredua Gipuzkoan ere aplikatzeko eskaera behin eta berriz egin dute kostako udalerrietako alkateek.
Hitzarmenak jasotzen du, besteak beste, Jasangarritasun Departamentuak 2026ko eta 2027ko hondartza denboraldietarako zerbitzuak (sorosleak, bainu egokitua, hondartzetako zerbitzuak…) finantzatzeko urte bakoitzean 1.700.000 euro bideratuko dituela Gipuzkoako kostako udaletara.
Banaketa-irizpidea honakoa izango da:
- 5.000 biztanle arteko udalerriei (Getaria) zerbitzuaren kostuaren %80ko diru-laguntza emango zaie.
- 5.000-10.000 biztanle arteko udalerriei (Mutriku, Deba eta Orio) %75koa.
- 10.000-15.000 artekoei (Zumaia) %60koa.
- 15.000 biztanletik gorakoei (Zarautz eta Hondarribia) %50koa.
Haritz Alberdi Getariako alkatearen ustez, “zerbitzuaren kostuari aurre egiteko %80ko diru-laguntza adostu izana berri pozgarria da, herriak urtero, 155.000€ inguru gehiago izango baiditu herrian inbertitzeko”.
Bestetik, Aldundiak bere gain hartuko du ibai-bokaleetako hondartzetan (Orio, Deba, Zumaia eta Mutriku) hondakinak kudeatzeko kostua. Horrez gain, 2025erako aurreikusitako 700.000 euro gehigarriak udalerri horien artean banatuko dira, laguntza ekonomiko gisa, proportzionaltasun-irizpide berberei jarraituz; eta sorospen- eta salbamendu-zerbitzua kontratatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiko erosketa-zentralaren lankidetza ere bermatuko da.
