Herria itsaso - logotipoa
Bilatu (+34) 943 896 024 | udala@getaria.eus | 8:30-15:00

Itzulpen automatikoa / Machine translation

Getariarrek ikasgela berria izango dute.

martxoa / 26, 2025

Apirilaren 1ean jarriko da martxan, eta Ulpiano eraikineko lehen solairuan egongo da.

Herritarren beharrei erantzuteko, 2017. urtean zerbitzu berri bat jarri zuen martxan Getariako Udalak: ikasgela. Behin-behinean, kultur etxean, liburutegiaren alboan, zegoen lokal bat egokitu zen horretarako, eta, urte hauetan guztietan, asko izan dira zerbitzua erabili duten herritarrak.

Erabilpenak, ordea, lekuaren gabeziak azaleratu ditu; besteak beste, erakutsi du bateraezinak direla liburutegiko sartu-irtenek eta musika-eskolako instrumentuek sortzen duten soinua eta ikasketek exijitzen dituzten isiltasuna eta arreta. Horrez gain, behar berriak ere sortu dira azken urteetan.

Arrazoi horiek tarteko, Udalak herrian ikasgelarentzako beste txokoren bat aurkitzeari ekin zion. Zarautz Jauregiaren berreraikitze-lanak bukatuta, herriak espazio berri bat du azken solairuan; horrenbestez, Ulpiano aretoa bestelako erabilpen batzuetara bideratzeko aukera sortu zen, eta Udalak pentsatu zuen aukerako lekua zela ikasgela jartzeko. Hala, aretoa egokitzeko lanei ekin zion; besteak beste, espazioa zatitu, hormak margotu, lurra aldatu eta altzari berriak jarri dira. Ulpiano ikasgelan egindako esku-hartzeek 24.000 € inguruko kostua izan dute guztira.

Ikasgela berrian, aurrekoaren ordutegi bera izango da: astelehenetik ostiralera, 8:00etatik 20:00etara. Bestalde, sartu-irtenerako giltza elektronikoa jarri da; hain zuzen ere, liburutegiko arduradunek kudeatuko dute gaia, eta bertan eskuratu ahal izango dira txartel elektroniko berriak. Lehendik txartela zuten erabiltzaileek ere liburutegitik pasatu beharko dute, beraien txartela berriro aktibatzeko eskatzera (ez dute gainkosturik izango).

Liburutegiko ordutegia:

  • Astehena, asteartea eta osteguna: 16:00 – 19:00
  • Asteazkena eta ostirala: 10:00 – 13:00