Herria itsaso - logotipoa
Bilatu (+34) 943 896 024 | udala@getaria.eus | 8:30-15:00

Itzulpen automatikoa / Machine translation

Getarian jazotako sexu-erasoa gaitzesteko adierazpen bateratua.

abendua / 31, 2024

Ertzaintzak gizon bat atxilotu zuen ostiralean, Getariako etxebizitza batean emakume bati sexu-erasoa egitea leporatuta. Getariako Udalak eta Mariñak Getaiko Talde Feministak albistea komunikabideetan argitaratu denean izan dute jazoeraren berri. Hori dela eta, Getariako Udalbatza osatzen dugun alderdi guztiok eta Mariñak Getaiko Talde Feministak, publikoki eta aho batez, edozein indarkeria matxista irmoki salatzen dugu eta argi eta garbi adierazten dugu ez dugula inondik ere onartuko emakumeen giza-eskubideen aurkako urraketarik. Hori dela eta, Getarian gertatutako sexu-erasoaren salaketaren aurrean, gure gaitzespenik gogorrena adierazi nahi dugu. Biktimari eta bere senide eta inguru hurbilari gure babesa eta elkartasuna adierazi nahi dizkiegu, baita biktimari bere errekuperazio- eta erreparazio-prozesuan laguntzeko behar dituen informazioa eta baliabideak eskura jarri ere.

Indarkeria eta eraso matxistak ezin dira gertaera isolatu edo salbuespen gisa ulertu. Indarkeria eta eraso matxistak egiturazko arazo baten ondorio dira, emakume eta gizonen arteko botere-harremanak mantentzeko baliabide indartsua. Ez da inola ere, esparru pribatuari dagokion arazo bat. Arazo kolektiboa da, guztiona, eta guztion ardura da indarkeria matxistari aurre egitea, emakume eta gizonena, herritar, elkarte zein erakundeena. Horregatik, irmoki esan nahi dugu Getariak ez duela emakumeen kontrako erasorik onartzen, ez eta onartuko ere, eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarekin behin betikoz amaitu behar dugula.

Indarkeria matxistak jatorri estrukturala duen heinean, aurre egiteko neurriek eta erantzunek ere integralak behar dute izan. Indarkeriaren prebentzioan egin behar da bereziki ahalegina, pertsonak askatasunean heziko dituen hezkuntza hezkidetzailea sustatuz eta emakumeen bizitzako alderdi guztietan beren askatasunaren alde lan eginez.

Eta hau guztia burutzeko, ezinbestekoa dugu legeria errebisatzea eta ebaluatzea, bere osotasunean garatua izateko baliabideak bermatzea, berdintasun politikak indartzeko bitarteko tekniko zein ekonomikoak garatzea, artapena ahalduntzearen bidetik garatzeko baliabide ekonomiko eta teknikoak aktibatzea, eta erakunde publikoetatik emakume kolektibo eta mugimendu feministarekin elkarlana burutzea.

Azkenik, herritarrak emakumeen eta gizonen berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako konpromisoa publikoki erakustera animatu nahi ditugu. Izan ere, indarkeria matxista desagerrarazteko ezinbestekoa da gizarte osoaren inplikazioa. Horregatik, herritar orori dei egiten diogu udalerrian antolatu daitezkeen mobilizazioetan parte har dezan.

Getariako Udala eta Mariñak Getaiko Talde Feminista.

ADIERAZPENA