Herria itsaso - logotipoa
Bilatu (+34) 943 896 024 | udala@getaria.eus | 8:30-15:00

Itzulpen automatikoa / Machine translation

Getariako Udalaren webgune berria, martxan!

urria / 18, 2024

Getariak badu bere identitatea; kanpotik begiratuta, identitate horren pertzepzio bat jasotzen du bisitariak, eta barrutik, aldiz, beste bat du bertan bizi denak. Baina Getaria asko aldatu da azken hamarkadetan, eta herriak bere buruaren errelatoa osatzeko beharra ikusi du Udalak. Zeregin horretan laguntzeko, Jon Maiarekin jarri da harremanetan. 

Helburua argia izan da: errelato hori osatu, eta bertatik abiatuta, etorkizunera proiektatzea, nola barrurantz hala mundurantz. Getaria modu transbertsal batean ezaugarritzen duten baloreak eta ezaugarriak dinamizatzea eta proiektatzea, herri kohesioa eta herritarren saretzea bilatuz.

Prozesu horrekin batera, herritarrekin duen harremana indartzeko eta komunikazio-kanalak eguneratzeko premia ere sentitu du Udalak, eta lehen urratsa, herri identitate berriari erantzungo dion marka sortzea izan da: Getaria. Herria itsaso. Eta orain, Marka berriari lotuta, webgunea eguneratzeko unea iritsi da.

Aurrerantzean, Getariako Udalaren webguneak diseinu berria eta edukien antolaketa sinpleagoa izango ditu. Eraberritze prozesu honen helburuak izan dira nabigazioa erraztea eta informazioa argiago ikusaraztea. Gainera, herriko argazki eguneratuak jaso dira; Udaleko sailen, zerbitzuen eta herriko elkarteen inguruko informazio osatuagoa ematen da; eta albisteen eta agendaren atalak indartu egin dira, marka berriaren diseinuari lotuta.

Webgunearekin batera, hainbat euskarri ere eguneratuko dira datozen asteetan, hala nola, herriko paneletan jartzen diren kartelak eta sare sozialetako edukiak. Baina prozesua pixkanaka egingo da, eta horregatik, Udalak dei egiten die herritarrei beren ekarpenak egin ditzaten. Denon artean borobilduko dugu lana!