Getariako Udalaren babesa jaso du Intza Gurrutxagak Baionako epaitegian.
Martxoaren 25eko ohiko Udalbatzarrean, Getariako Euskal Herrian Euskaraz, Artzape euskara elkarteak eta Artzape Euskaltzaleon plazak aurkeztutako mozioa onartu zen, EH Bilduren aldeko 6 botoekin; EAJko bost kideek aurka bozkatu zuten.
Onartutako mozioan, euskarak eta euskal hiztunek pairatzen dituzten hainbat eraso salatzeaz gain, babesa eta elkartasuna adierazi zitzaien Euskal Herrian Euskaraz-eko bi kideri Baionako Auzitegian zuten epaiketaren atarian, bereziki Intza Gurrutxaga herrikideari. Izan ere, euskararentzat eta euskaldunontzat justizia eskatzeagatik eta bizi dugun errealitatea agerian jartzeagatik jaso zuten epaiketarako zitazioa.
Horrez gain, mozioan, bi kide horien aurkako epaiketaren harira antolatutako ekimenetan parte hartzera animatu ziren herritarrak. Hala, hamarnaka getariarrek hartu zuten parte apirilaren 6an Baionan egin zen manifestazioan, eta asko eta asko izan ziren herrian bertan, Dantzari Txiki Egunaren hasieran, “Justizia euskararentzat, Baionaraino dantzan” lelopean bildu ziren adin guztietako herritarrak ere.
Gaur, epaiketaren egunean, Getariako Udaleko hainbat ordezkari Baionako Auzitegian izan dira, Intza Gurrutxaga eta Gorka Torre EHEko kideei babesa adierazten.
Eman diezaiogun euskarari euskarak eman diguna! Hazi Euskara Getarian!
