Getariako Udalak udalerriaren egoeraren lehen diagnostikoa aurkeztuko du.
Getariako Udalak udalerriaren egoerari buruz egindako diagnostikoa aurkeztuko du datorren ostegunean, abenduaren 18an, 18:30ean, Zarautz Jauregian egingo den saio irekian. Aurkezpenean parte hartuko dute Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) idazten ari diren arkitektoak: Santiago Peñalba eta Iñigo Peñalba.
Aurkeztuko den dokumentuak udal-plangintzako arau subsidiarioen berrikuspena abiatzeko beharrezko hirigintza-informazioa biltzen du, bai eta udalerriaren egoeraren diagnostikoaren laburpena ere. Gaur egungo arau subsidiarioak 2008an behin betiko onartu ziren, eta ia osorik gauzatuta egonik, haien berrikuspena egitea beharrezkotzat jo da.
Diagnostikoaren bidez, udalerriaren egungo egoerari buruzko lehen hurbilketa eskaintzen da, eta hurrengo urteetarako —2043ra arteko epeari begira— Plan Orokorrak landu beharko dituen erronkak eta beharrezko erantzunak identifikatzen dira. Aurkezpen irekiak, halaber, herritarrei aukera eman nahi die planaren xedea, irismena eta udalerriko egoera ezagutzeko, eta prozesuan jorratu beharreko alternatibak eta konponbideak partekatu eta eztabaidatzeko.
Dokumentuak, besteak beste, honako edukiak jasotzen ditu:
-
lurraldearen ezaugarriak eta egoera sozioekonomikoa,
-
etxebizitza eta mugikortasunari buruzko azterketa,
-
indarreko hirigintza- eta lurralde-plangintzaren ikuspegia,
-
hausnarketak eta egoeraren lehen diagnostikoa.
Diagnostiko hau izango da hurrengo fasean egingo den “Plangintzaren Aurrerapena” lantzeko oinarria, eta erreferentzia izango da baita HAPOren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren hasierako dokumentua prestatzerakoan ere.
Getariako Udalak herritarrak animatu nahi ditu aurkezpenean parte hartzera eta plangintza-prozesuan zehar ekarpenak egitera.


