Herria itsaso - logotipoa
Bilatu (+34) 943 896 024 | udala@getaria.eus | 8:30-15:00

Itzulpen automatikoa / Machine translation

Getariako Udalak indarkeria matxistei erantzuteko jarraibideak zehazteari ekin dio.

uztaila / 18, 2025

Azken urteetan, Getariako Udalak hainbat ekimen sustatu ditu berdintasunaren alde eta indarkeria matxistaren aurka. Berdintasunaren diagnostikoa egiten hasi zen, eta, 2022an, hurrengo 4 urteetarako Berdintasun Plana idatzi zuen.

Plana oinarri hartuta, eta EMUN aholkularitzaren laguntzarekin, lan asko garatu dira. Azkena, hain zuzen, herrian gertatzen diren edo gerta daitezkeen indarkeria matxistaren kasuen aurrean egin beharreko urratsen zehaztapena osatzeko lanketa martxan jartzea izan da.

Udalak martxan jarri berri duen barne-lanketak gaian ezinbestekoak diren departamendu, langile eta herri-ordezkarien parte-hartzea du.  Aurreko astean, jada, zirriborro baten inguruko lehen saioa egin zen Udalean eta pasa berri den astearteko Batzorde Informatiboan, indarkeria matxistei erantzuteko jarraibideen inguruko informazioak ere bere lekua izan berri du. Jorratutakoaren baitan, indarkeria matxista gertatzen denean jaso beharreko informazioaren nondik-norakoak eta erasotuarekin izan beharreko harremanak zehazteaz batera, erantzun publikoarekin eta erreparaziorako bideekin loturiko gaiak zehaztuko dira.

Getariako Udalaren iritziz, beharrezkoa eta ezinbestekoa zen lanketa hau herritarren zaintzari begira ere; beraz, era positiboan baloratzen da martxan jarri den lanketa.

Horrez gain, aurten ere Getariako Salbatore jaietan herriko taberna eta txosnagunean eraso matxisten aurrean nola jokatu jakiteko jarraibideak ezarriko dira herritarren eskura. Gainera, aurten lehen aldiz Udalak, tabernariei formazioa eskaini die kontu hauetan esperientzia eta jakintza duen Emagin Elkartearekin.

Azkenik, beste behin adierazi nahi da gure herrian, Getarian, indarkeria matxistak ez duela lekurik, eta gaitz horrekin behin betikoz bukatzeko lanean jarraituko duela Udalak, eragile eta herritarrekin batera.