Getariako Udalak indarkeria matxistaren aurkako erantzun instituzional bateratua indartzeko protokoloaren eguneraketan parte hartu du.
Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako dinamika baten baitan, indarkeria matxistaren aurrean erantzun publiko instituzionalerako protokoloa eguneratzeko lanaren berri eman zen atzo, lurraldeko udal ordezkariekin egindako lan-topaketa batean.
Getariako Udalak urteak daramatza Berdinbidean parte hartzen, eta protokolo instituzional honen eguneratze-prozesuan ere aktiboki parte hartu du. Zehazki, lanketa honetan Getariako Udaleko Berdintasun zinegotziak, Gizarte Zerbitzuetako teknikariak eta Alkateak parte hartu dute, udalerrien arteko koordinazio eta konpromiso bateratua indartzeko helburuarekin.
Aldundiak eta udalerriek 2018an onartutako lehen protokoloarekin hasitako bidea sendotzen jarraitzen dute. Protokoloak indarkeria matxistaren aurrean erantzun publiko argia, bateratua eta sentibera emateko tresna eskaintzen du, biktima diren emakumeei laguntza bermatuz eta eraso matxisten gaitzespen soziala indartuz.
Gaurko saioarekin fase berri bati ekin zaio: protokoloa udalerri bakoitzean praktikan jartzeko eta tokiko testuingurura egokitzeko lanari. Helburua da, udal bakoitzak bere errealitatera moldatu ahal izatea, baina aldi berean Gipuzkoa osoan erantzun homogeneoa, koordinatua eta eraginkorra bermatzea.
Protokolo eguneratuak, besteak beste, emakume biktimaren erreparazioa jartzen du erantzun instituzional eta komunitarioaren erdigunean, eta agertoki espezifiko berriak txertatzen ditu, hala nola indarkeria bikarioa eta indarkeria matxista digitalak, gero eta presentzia handiagoa dutelako sareetan eta ingurune birtualetan.
Getariako Udalak berretsi egiten du indarkeria matxistaren aurrean erantzun bateratu, koordinatu eta erreparatzailea indartzeko konpromisoa, eta lanean jarraituko du, Aldundiarekin eta gainerako udalerriekin elkarlanean, protokoloaren tokiko ezarpena aurrera eramateko.


