Getariako Udalak hondartzen kudeaketarako jasoko duen dirulaguntza hirukoiztu egingo da.
Ostiraleko Hondartzetako Mahaian adostasun zabalez hartutako erabakia izan zen banaketa sorospen-zerbitzuaren kostuaren arabera egitea
Getariako Udalak hondartzen kudeaketa integralerako jasoko duen dirulaguntza hirukoiztu egingo da aurten, eta aurreikusten den zenbatekoa 150.519,13 eurokoa da. Igoera hori Gipuzkoako Foru Aldundiak eta kostaldeko udalek 2025ean lortutako akordio historikoaren ondorio da. Horren harira, Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak hondartzen kudeaketarako inbertsioa 1,7 milioi eurora igo duela iragarri du.
Igoera hori Gipuzkoako kostaldeko udalek urteetan egindako eskaeraren ondorioa da. Izan ere, hondartza denboraldiak ahalegin ekonomiko eta administratibo handia eskatzen die kostaldeko udalei, eta udalerriek behin eta berriz eskatu izan dute hondartzen kudeaketa integralari lotutako gastuak modu egokiagoan finantzatzea. Testuinguru horretan, Getariako Udalak ere modu aktiboan parte hartu du Gipuzkoako kostaldeko gainerako udalekin batera egindako lanketa horretan.
Hitzarmenaren arabera, 5.000 biztanle arteko udalerriek —Getariak, besteak beste— zerbitzuaren kostuaren %80ko dirulaguntza jasoko dute. Getariaren kasuan, aurreikusten den 150.519,13 euroko ekarpenak udalaren baliabide propioen beharra arintzen lagunduko du, eta horrek aukera emango du hondartzen kudeaketa integralari lotutako gastuei modu egokiagoan aurre egiteko, baita herriko beste behar eta proiektu batzuetara baliabide gehiago bideratzeko ere.
Getariako Udalak balioan jartzen du Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuarekin 2025ean lortutako akordioa, horren ondorioa baita herri guztiontzako diru-laguntza %143 igo izana. Udalak positiboki baloratzen du igoera hori, hondartzen kudeaketa zerbitzu publiko garrantzitsua delako eta udal txikientzat zama ekonomiko handia suposatzen duelako, eta azpimarratu nahi du guztien arteko elkarlana funtsezkoa izan dela finantziazio-eredu egokiago baterantz urratsak emateko.
Era berean, Udalak nabarmendu nahi du Getariako Udaleko ordezkariek diruen banaketarako adostu den irizpidea erabakitzeko egindako ekarpenak bere balioa izan duela, eta beste herriekin eraikitako sinergiak erabakigarriak izan direla.
Azkenik, Getariako Udalak adierazten du, urte hauetan guztietan bezala, Bizkaiko eredua erreferentziatzat hartuta, lanean jarraituko duela Gipuzkoako Foru Aldundiak hondartzen kudeaketa integrala bere gain har dezan.


