Getariako Udalak eta Cebanc-ek ongizate emozionala eta mentala sustatzeko ikastaroa antolatu dute
- Doakoa izango da eta interesa duten herritarrek apirilaren 28tik maiatzaren 12ra arte eman dezakete izena udaletxean edo kultura sailean
- Ikastaroa 55 urtetik gorako herritarrei zuzenduta dago.
Getariako Udalak, CEBANC-ekin elkarlanean, ongizate emozionala eta buruko osasuna lantzeko ikastaroa aurkeztu du. “Erlaxazio, meditazio eta mindfulness teknikak” izeneko prestakuntza-ekimena 55 urtetik gorako herritarrentzat dago diseinatuta.
Ikastaroa maiatzaren 20tik ekainaren 24ra bitartean egingo da, asteazkenetan, 16:00etatik 18:30etara, Zarautz Jauregiko Talaia aretoan, Getarian. Guztira, sei saio praktiko eskainiko dira; parte-hartzaileek erlaxazio teknikak, meditazio gidatua eta mindfulness edo norberaren kontzientziaren inguruko oinarriak modu progresiboan eskura ditzaten.
Prestakuntza Naiara Mandaluniz irakasleak emango du eta saioetan estresa kudeatzeko tresnak, arnasketa eta eguneroko egoeretan lasaitasuna eta arreta mantentzeko estrategiak landuko dira. Helburua ez da soilik ezagutza teorikoa eskaintzea, parte-hartzaileek euren eguneroko errutinan aplikatu ahal izango dituzten praktika erraz eta eraginkorrak barneratzea baizik.
Ikastaroa doakoa da eta interesa duten herritarrek maiatzaren 12ra bitartean eman ahal izango dute izena Getariako Udaleko Kultura sailean, udaletxean bertan edo kultura@getaria.eus helbide elektronikora idatzita.
CEBANC-ek eta Getariako Udalak azpimarratu dute halako ekimenek gero eta garrantzi gehiago dutela gaur egungo gizartean, adineko pertsonek tresna praktikoak izan ditzaten ongizate emozionala zaintzeko.
Eusko Jaurlaritzaren babesarekin antolatu den prestakuntza hau Gipuzkoako hainbat udalerritan garatzen ari den etengabeko ikaskuntza programaren barruan kokatzen da eta helburu nagusia adinekoen etengabeko ikaskuntza prozesua irisgarria egitea da.


