Getariako Udalak Bikain ziurtagiria eskuratu du, euskararen kudeaketan egindako lan guztiagatik.
Gaur, asteartea, Gasteizko Europa Jauregian antolatutako ekitaldian jaso du Getariako Udalak ziurtagiria. Bertan izan dira hainbat udal ordezkari.
Getariako Udalak Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiria lortu du, erakundearen eguneroko jardunean euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa hobetzeko egindako lanaren aitortza gisa. Eusko Jaurlaritzak ematen duen ziurtagiri honek erakunde publiko eta pribatuetan hizkuntza-kudeaketaren maila ebaluatzen du, eta kanpo-auditoretza baten bidez egiaztatzen da.
Bikain ziurtagiria eskuratzeak adierazten du Getariako Udalak euskararen normalizazioan urrats sendoak eman dituela: herritarren arreta, komunikazio instituzionala, barne-dokumentazioa eta eguneroko hizkuntza-ohiturak planifikazio baten arabera hobetzen ari direla.
Udal Gobernuak nabarmendu du ziurtagiri hau ez dela helmuga, euskararen aldeko konpromiso iraunkorraren beste pauso bat baizik. Era berean, udal langileei eta prozesuan parte hartu duten guztiei eskerrak eman dizkie, egindako lan kolektiboari esker lortu baita aitortza hau.
Getariako Udalak lanean jarraituko du euskararen erabilera areagotzeko eta herritarrei guztion hizkuntza-eskubideak errespetatzen dituen kalitatezko zerbitzu eskaintzeko.


