Getariako Udalak Balentziaga kaleko igogailuaren exekuzio-proiektua idazteko lizitazioa atera du.
41.745 euroko (BEZ barne) kontratuak Herrerieta eta Balentziaga kaleen arteko irisgarritasuna hobetzeko proiektua definitzea izango du helburu.
Getariako Udalak Balentziaga kalean igogailu bat instalatzeko exekuzio-proiektua idazteko zerbitzuaren lizitazioa onartu du. Kontratuaren helburua Herrerieta eta Balentziaga kaleen arteko irisgarritasuna hobetuko duen irtenbide teknikoa zehaztea da, herriguneko mugikortasun inklusiboagoa eta irisgarriagoa bermatzeko.
Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 41.745 eurokoa da (BEZ barne), eta kontratua prozedura ireki laburtuaren bidez esleituko da. Zerbitzua gauzatzeko epea lau hilabetekoa izango da: lehen hilabetean beharrezko azterketak eta proposamenaren egiaztapena egingo dira, eta ondorengo hiru hilabeteetan exekuzio-proiektua eta gainerako dokumentazioa idatziko dira.
Irisgarritasuna hobetzeko lotura berria
Proiektuaren bidez, Euskaltxeta eraikinaren ondoko lotura bertikal berria diseinatuko da, gaur egun Herrerieta eta Balentziaga kaleen artean dagoen desnibelak sortzen dituen irisgarritasun-arazoak konpontzeko. Irtenbideak indarrean dagoen irisgarritasun-araudia bete beharko du, ingurune urbanoan modu egokian integratuta eta etorkizunean Euskaltxeta eraikina eraitsi eta zuzkidura-etxebizitza gisa berreraikitzeko aurreikuspenarekin bateragarri izanik.
Horretarako, proiektuak, besteak beste, azterketa topografikoak, geoteknikoak, egiturazko kalkuluak, argiteriaren azterketa, urbanizazioaren berrantolaketa eta ukitutako azpiegituren egokitzapena jasoko ditu, betiere jasangarritasun eta energia-aurrezpen irizpideak kontuan hartuta.
Irisgarritasun Planaren baitako jarduketa estrategikoa
Exekuzio-proiektua Getariako Udalak sustatutako irisgarritasuna hobetzeko estrategiaren barruan kokatzen da, eta 2024an KREANek idatzitako aurreproiektuan hautatutako 1.1 proposamena izango du abiapuntu. Aurreproiektu horrek ondorioztatu zuen jarduketa honek Lehendakari J.A. Agirre plaza eta Kristobal Balentziaga etorbidearen arteko lotura hobetuko duela, gaur egun dauden eskailera mekanikoen osagarri izango den ibilbide irisgarri berri bat eskainiz, mugikortasun urriko pertsonentzat, haurren orgak edo erosketetako orgak erabiltzen dituzten herritarrentzat ere erabilgarri izango dena.
Behin exekuzio-proiektua idatzita, Udalak obraren lizitazioa prestatu ahal izango du, herriguneko irisgarritasuna hobetzeko beste urrats garrantzitsu bat emanez.


