Herria itsaso - logotipoa
Bilatu (+34) 943 896 024 | udala@getaria.eus | 8:30-15:00

Itzulpen automatikoa / Machine translation

Getariako Udalak animalien eta pertsonen arteko bizikidetza-arauak errespetatzeko dei egiten du.

abendua / 17, 2024

Getariako udalbatzarrak 2018ko urtarrilean onartu zuen Animaliak edukitzea eta babestea arautzen duen udal ordenantza, eta erreklamazio edo iradukizunik gabe, araudia indarrean sartu zen 2018ko maiatzean. Handik bost urtera, Animalien ongizatea bermatzeko lege organikoa onartu zuen Espainiako Gobernuak, eta iazko irailetaik indarrean da. Araubide hauen helburua da animalien eta pertsonen arteko bizikidetza erraztu eta bateratzea, animalien ongizatea bermatuz.

Animaliek arreta integrala jaso behar dute, hau da, haiekiko tratua, beren higienea, elikadura, identifikazioa eta garraioa, besteak beste, zaindu egin behar dira. Baina kontuan izan behar da, animaliak, beren jabeekin ez ezik, gainerako herritarrekin ere elkarbizi direla espazio publikoan, eta elkarbizitza hori egokia izan dadin, gutxieneko arauak ezartzea eta horiek errespetatzea funtsezkoa dela.

Arau horiek betetzeko ardura animalien jabeena da, eta garrantzitsua da oinarrizko lau jarraibide hauek kontuan izatea:

  1. Animaliak ezin dira balkoietan, garajeetan, sotoetan edota bestelako lokaletan egon, baldin eta auzokide zein oinezkoei beren usain, zikinkeria, ulu edo zaunkekin traba egiten badiete. Gainera, animalia bide publikoetan egon edo ibiltzen bada, eta norbaiti edo ondasun publiko zein pribatuei kaltea eragiten badie, jabea edo hartaz baliatzen dena izango da erantzulea.
  2. Hiriko bide eta leku publikoetan txakurrak kontrolpean eta uhal batez loturik eduki behar dira. Badira zakurren beldur diren herritarrak, haurrak zein helduak, eta haien lasaitasunerako, garrantzitsua da animalien ezaugarrietara egokitutako uhalak erabiltzea.
  3. Txakur-gorozkiak jaso egin behar dira bide eta plaza publikoetan, hondartzetan, haur parkeetan, lorategietan, zelaietan… egiten badira. Txakurrekin doazen pertsonek dute horiek jasotzeko ardura. Ez hori bakarrik: etxeen atarietan, eskaileretan edo jendea eserita egoten den lekuetan pixarik egin ez dezaten ere zaindu behar dute.
  4. Txakurrak hondartzara sartzeko egutegia zehaztu du Udalak: urriaren 12tik Aste Santuaren hasiera arte baimenduta dago Malkorbe eta Gaztetape hondartzetan txakurrak edukitzea. Gainerako urtaroetan, hau da, Aste Santutik urriaren 12ra, baimenduta dago 21:00etatik 06:00etara txakurrak egotea baldin eta beren zaintzaleek edo jabeek txakurrek utzitako gorozkiak jasotzen badituzte.

Getarian bizi diren animalien bizimodua eta haien zaintza erraztea da Udalaren asmoa, eta animaliekin arduraz eta errespetuz jokatzeko dei egiten die herritar guztiei, elkarbizitza hori denontzat aberasgarria izan dadin.

Informazio gehiago nahi izanez gero, ikusi hemen Animaliak edukitzea eta babestea arautzen duen udal ordenantza.