GETARIAKO UDALAK 2024KO AURREKONTUAK ONARTU DITU
2024ko ekitaldi ekonomikorako 7.142.020,00€ko aurrekontuak onartu ditu Getariako Udalak, 4.282.470€ko sarrera arruntekin. Besteak beste, 2024ean Kiroldegi kanpoko estalpea eraikiko da.
Azaroak 28an arratsaldeko 19:00ean ospatu zen Osoko Bilkuran, 2024ko ekitaldi ekonomikorako aurrekontuak onartu zituen Getariako Udalak. Getariako Udalak, eta beraz, Getariako Herriak, inoiz izan dituen aurrekontu handienak dira, hain zuzen ere 7.142.020,00€koa.
Euskara eta kultura bultzatzeko, alde batetik, 16.044€ bideratuko dira euskara-ekintza plana burutzeko, eta bestetik, 15.000€ Menditxoko murala egiteko. Getariako Gaztediarentzat berriz ikasgela berria egingo da, orain Kultur Etxean dagoen ikasgelak dituen arazoak medio, 50.000€ gorde dira Ulpiano Etxera mugitu eta beharrezko hobekuntzak egiteko. Gainera, datorren ekitaldian gazte eta entsegu lokalaren inguruko parte-hartze prozesua bultzatu eta burutzeko 17.000€ erabiliko dira. Hezkuntza arlorako, urtero egiten den moduan haur-parkeak berritu eta mantentze lanak egiteko partida egongo da 30.000€rekin, eta, hain beharrezkoa den herri eskolako fatxadaren konpontze lanak egiteko proiektua idazteko 18.000€ erabiliko dira.
Gizarte zerbitzuak eta ongizatea indartzeko, berdintasunerako lehenengo partida berri bat sortu da 14.000€koa eta arreta psikosozialeko partida bikoiztu, iaz 16.000€ zituen partidak eta aurten 32.000€. Trantsizio energetikoaren plana garatzeko 97.319€ bideratuko dira, besteak beste, brigadako kamioi flota berrituko da eta hainbat neurri hartuko dira energia kontsumoa murrizteko.
Hirigintza arloan, bi proiektu idazteko dirua jaso da, alde batetik, Hiri Antolaketa Plan Orokorra berritzeko proiektua idazteko 50.000€, eta bestetik, Potzuagako eremuko aldaketa puntualaren proiekturako 15.000€. Auzotarrek egindako eskaerei erantzuna emanez, herri-bideak txukuntzeko, seinaleak eta postontziak berritzeko, besteak beste, 20.000€ bideratuko dira. Portuan berriz, bertako diru sarreretatik sortuta dagoen diru poltsatik 500.000€ erabiliko dira mendi magalak konpondu eta txukuntzeko. Azkenik, 2024ean bukatzea espero den Zarautz Jauregiko 3.zatia ordaintzeko 544.439,65€ erabiliko dira eta obra museografikoa egiteko 750.233,67€.
Kirol mundurako, alde batetik, 10.000€ jaso dira Arraun Elkarteko atea berritzeko eta bestetik, 300.000€ Kiroldegiko instalakuntzak hobetzeko, batik bat teilatuaren zati bat. Gainera, Kiroldegi kanpoko gunean eraikiko den estalpea egiteko 700.000€ aurreikusi dira. Estalpe honek, kiroldegiari eta beraz, herriko kirolari eta haurrei eskainiko dizkien aukerez gain, herriko hainbat egitasmo egiteko gune bat sortuko du.
Getariako Udalak, herriko arlo guztietarako aurrekontuen zati bat bideratu badu ere behar desberdinei erantzuteko, 150.000€ko partida bat ere sortu du urtean zehar suertatu daitezkeen beste beharrei erantzuteko. Udalaren asmoa inbertsioen zati handi bat diru laguntzetatik finantziatzea da, azken urteetan egin den bezala.
*Argazkia: Artzape