Herria itsaso - logotipoa
Bilatu (+34) 943 896 024 | udala@getaria.eus | 8:30-15:00
Bikain ziurtagiria logoa

Itzulpen automatikoa / Machine translation

Getariako ordezkaritza Bergaran izan da, Alkateen Mugimenduaren 50. urteurrena gogoratzeko.

uztaila / 19, 2026

Haritz Alberdi Getariako alkatea, udal aginte makila eskuan, eta Josu Mugika zinegotzia, herriko bandera eramanez, izan dira Getariako ordezkaritzako kideak Foruen abolizioaren 150. urteurrena eta Alkateen Mugimenduaren 50. urteurrena gogoratzeko ekitaldian.

Getariako Udaleko ordezkaritzak parte hartu du Bergaran egin den omenaldi eta ekitaldi instituzionalean, Alkateen Mugimenduaren 50. urteurrena eta Foruen abolizioaren 150. urteurrena gogoratzeko antolatutako ekitaldian. Euskal Herriko udal ordezkari ugari elkartu dira bertan, 1976ko Alkateen Mugimenduaren ekarpena aitortzeko eta herrien autogobernuaren, eskubide historikoen eta udal erakundeen garrantzia berresteko.

150 urte bete dira 1876ko uztailaren 21eko legeak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru-erregimena indargabetu zuenetik. Mende bat geroago, 1976ko uztailaren 21ean, Bergaran bildutako Alkateen Mugimenduak efemeride hura baliatu zuen Euskal Herriaren nortasun nazionala, eskubide historikoak, udal tradizio demokratikoa eta autogobernurako nahia aldarrikatzeko.

Ekitaldi horren harira, Getariako Udalean ordezkaritza duten bi udal taldeek, EH Bilduk eta EAJ-PNVk, adierazpen instituzional bateratua adostu eta aurkeztu dute. Testuak Foruen abolizioaren 150. urteurrenaren eta Alkateen Mugimenduaren 50. urteurrenaren garrantzi historiko, politiko eta instituzionala aitortzen du, eta memoria historikoa, autogobernua eta udal erakundeen eginkizuna balioan jartzen ditu.

Adierazpenak, besteak beste, Euskal Herriko lurraldeen eskubide historikoen aitortza jasotzen du, autogobernua egungo behar demokratiko, sozial eta instituzionaletara egokitzearen alde egiten du, eta udal erakundeek historian zehar izan duten eginkizun erabakigarria azpimarratzen du, bereziki foru tradizioan, udal demokrazian eta herri ordezkaritzan.

Halaber, testuak Bergaran egindako ekitaldiaren helburuekin bat egiten du, Alkateen Mugimenduaren ekarpena aitortzeko eta Euskal Herriaren eskubide historikoekiko konpromisoa berritzeko borondatea adieraziz.