Getariako Emakumeen Memoria Historikoa berreskuratzeko ikerketa-bekak badu irabazlea.
Osane Amiano Galdos irundar gazteak jasoko du 4.000 €-ko diru-laguntza, eta helburua da Getariako emakumeek historian zehar herriari egindako ekarpenak jasotzea eta, ondoren, plazaratzea.
Getariako Udalak 2022an idatzi zuen lehenbizikoz Getariako emakumeen eta gizonen berdintasunerako plana, eta, bertan, 2023–2026 epealdian aurrera eramateko 66 ekintza jaso ziren. Hain zuzen ere, ekintza horietako bat zen Getariako emakumeek historian zehar herriari egindako ekarpena aztertu eta balioan jartzea.
Izan ere, Getariako herriak zor historiko bat du bertan jaio, lan eta bizi izan diren emakumeekin. Udalarentzat beharrezkoa da gure herriko emakumeek iraganeko bizitza sozialean nahiz lan-, ekonomia-, politika- edota kultura-arloan zer paper izan zuten ezagutzea, gaur egungo Getaria ulertzeko eta etorkizuneko herria eraikitzen segitzeko.
Hori dela eta, Getariako Udalak, ikerketa baliatuz, emakumeen ekarpena zer-nolakoa izan den jasotzen hasi nahi du, kontatu gabeko historia argitara eman, emakumeei zor zaien aitortza egin, eta herriko txoko nahiz kontakizunetan merezi duten lekua emateko.
Udalaren beka jasotzeko aurkeztu den proposamenak XVII. mendeko Getaria eta orduko emakumeak izango ditu ikerketagai, XVI. eta XVIII. mendeak ere aztertuko dituen arren. Aurkeztutako lanean zehazten denez, Getariako emakumeen presentzia azaleratzea izango da ikerketaren helburu nagusia, eta, horretarako, artxibo, liburu eta dokumentuetan jasotako edukia aztertuko da. Horrez gain, memoria historikoa berreskuratuz, Getariako emakumeek garai historiko hartan izan zuten garrantzia ezagutu, berreskuratu eta aitortzea izango da beste helburuetako bat.
