Herria itsaso - logotipoa
Bilatu (+34) 943 896 024 | udala@getaria.eus | 8:30-15:00

Itzulpen automatikoa / Machine translation

Getariako berdintasunerako I. Planaren zirriborroa herritarren esku

ekaina / 06, 2022

2021ean abiatutako prozesuarekin jarraituz, azken hilabeteetan Getariako emakumeen eta gizonen berdintasunerako I. planaren zirriborroa osatu du Getariako udalak Emun Aholkularitzaren laguntzarekin.

Planaren zirriborroak 2021 bukaeran argitaratu zen diagnostikoa izan du oinarri eta 2023-2026 urteetarako helburu eta ekintzak jasotzen ditu. Orain, udalak egindako lana getariarren eskura jarri nahi da herritarren iritzi eta ekarpenak jaso ahal izateko. Ekarpenetarako bi bide aurreikusi dira:

Alde batetik, ekarpenak online egiteko aukera egongo da. Horretarako, udalak dokumentua webgunean argitaratu du (sartu hemen)  edozein herritarrek berau deskargatu eta irakurri ahal izateko. Horrez gain, ekarpenak online jasotzeko galdetegi bat ere zabaldu du (hemen galdetegirako lotura).

Beste aldetik, planaren zirriborroa eta ekarpenak egiteko galdetegia paperean jaso nahi dituenak, udaleko harreran  eskuragarri izango ditu eta bertan entregatu ahalko du baita idatziz planari egindako iruzkinak.

Norbanakoentzat ez ezik, herri eragileei ere dei egiten die udalak plana irakurri eta ekarpenak egitera. Horretarako, herriko talde eta elkarteei berariaz helaraziko zaie mezu elektroniko bidez planaren zirriborroa eta galdetegira lotura.

Ekarpenetarako epea ekainaren 6tik 21era artekoa izango da. Epea bukatutakoan udalak jasotako erantzunak aztertu eta planean egin beharreko moldaketak egingo ditu. Ondoren, prozesuaren hurrengo urratsekin jarraituko du, 2022. urtean plana onartu ahal izateko.