Herria itsaso - logotipoa
Bilatu (+34) 943 896 024 | udala@getaria.eus | 8:30-15:00

Itzulpen automatikoa / Machine translation

Getariako autokontsumo partekatua martxan da.

uztaila / 09, 2025

Astelehenean Zarautz Jauregian egindako ospakizun ekitaldian azken hilabeteetan egindako lanaren emaitza azaldu eta elkarrekin herriarentzat/herritarrentzat garrantzitsua den urratsaz gozatzeko tartea hartu zuten hurbildutako guztiek.

Getariako energia-komunitatea, TEK Getaria, errealitate bat da jada. Udalerrian aitzindaria den proiektu honi esker, eguzki-energia autokontsumo kolektiborako aprobetxatuko da, energia-eredu berri bat bultzatuz, garbiagoa, demokratikoagoa eta bidezkoagoa. Guztira, hiru udal eraikinetan banatutako 338 eguzki panelek — Askizuko frontoia, Sahatsaga kiroldegia eta Meagaseko frontoia — energia sortuko dute Getariako 253 familia eta denda txikirentzat, beren faktura energetikoa % 30 murriztuz eta klima-aldaketaren aurkako borrokan lagunduz.

Ekitaldi xumean, besteak beste, Haritz Alberdi Getariako alkatea eta José Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatua hitzartzeak egon dira.

Haritz Alberdi Getariako alkateak adierazi duenez, “urrats sendoa da hau udalerriak jasangarritasunarekin eta ekintza klimatikoarekin duen konpromisoan. Getariako herritarrentzat onura sozialak, ingurumenekoak eta ekonomikoak ekarriko dituen trantsizio energetiko baten aldeko apustua egiten dugu”.

José Ignacio Asensio diputatuak nabarmendu duenez, “Getariako energia-komunitatea adibide bat da, herritarrek, udalek eta erakundeek indarrak batu ditzaketelako trantsizio energetikoa errealitate bihurtzeko tokikotik. TEK Getariak erregai fosilekiko mendekotasuna murrizteaz gain, pertsonak energia-sistemaren erdigunean jartzen ditu, energia garbi eta eskuragarrirako sarbidea erraztuz”.

Gogorarazi behar da egitasmo hau Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuaren elkarlanari esker atera dela aurrera eta %100ko diru-laguntza bat izan duela oinarrian.

Azkenik, jakin da berriki eguzki-panelen aprobetxamendurako legez ezarria zegoen 2 km-tako erradioa 5 km-tara aldatzera doala. Horrek aukera berriak irekiko dizkio TEK Getaria energia komunitateari eta parte-hartu nahiko luketen herritar/bazkide berriei.

Azkenik, ekitaldi-ospakizunean azken hilabete guztietan egin diren esku-hartzeen emaitza bilduko lukeen bideo zoragarri bat eman zen.