Herria itsaso - logotipoa
Bilatu (+34) 943 896 024 | udala@getaria.eus | 8:30-15:00
Bikain ziurtagiria logoa

Itzulpen automatikoa / Machine translation

Getariak Ur Irekietako Igeriketa Gunearen lehen fasea lizitaziora atera du.

uztaila / 18, 2026

Getariako Udalak Ur Irekietako Igeriketa Gunea errealitate bihurtzeko beste urrats bat eman du, Malkorbeko hondartzan itsasoko azpiegiturak instalatzeko zerbitzua lizitaziora aterata. Proiektuaren helburua da itsasoan igeri egiteko espazio seguru bat sortzea eta ur irekietako igeriketa kirol, osasun eta aisialdiko jarduera gisa sustatzea.

Proiektua bi fasetan garatuko da: alde batetik, itsasoko azpiegiturak; bestetik, Malkorbeko arkupeetako gunea egokitzea. Oraingo lizitazioa lehen faseari dagokio, ur eremuko azpiegiturei, eta 106.750 euroko aurrekontua du (BEZa barne).

Lehen fase honetan, balizamendu sistema eta plataforma nautiko flotagarri bat instalatuko dira, igerilarientzako ibilbide seguruak sortzeko eta igeriketa eskolak, teknifikazio saioak nahiz entrenamenduak egiteko aukera emanez. Fase hau Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirola Departamentuaren laguntza ekonomikoarekin gauzatuko da.

Proiektua elkarlan instituzionalaren emaitza da. Getariako Udala Urola Kostako Udal Elkartearekin, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirola Departamentuarekin eta Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsas Gaietarako Zuzendaritzarekin batera ari da garatzen.

Lizitatutako zerbitzuak, gainera, erabiltzaileentzako seinaleztapena eta informazio elementuak prestatzea ere aurreikusten du, segurtasuna eta erabilera egokia bermatzeko. Era berean, itsas ingurunea zaintzea eta material jasangarriak erabiltzea lehenetsiko dira.

“Ur irekietako igeriketa azken urteetan goraka doan jarduera da, eta Getariak erreferente izateko baldintza ezin hobeak ditu. Proiektu honekin, kirola, osasuna, aisialdia eta itsasoarekiko harremana uztartzen dituen eskaintza berritzailea garatu nahi dugu”, nabarmendu du Ekaitz Esteban kirol zinegotziak.

Ildo beretik, “Malkorbek aukera paregabea eskaintzen du ur irekietako igeriketa eta jarduera fisikoa sustatzeko”, azpimarratu du Goizane Álvarez Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroletako diputatuak, eta gaineratu du “proiektuak kostaldeko espazio naturalak beste modu batean balioan jartzeko aukera ere ematen duela”.

Bestalde, “Hasieratik argi izan genuen itsasoaren erabilera segurua, irisgarria eta kalitatezkoa sustatuko zuen azpiegitura baten beharra”, nabarmendu du Ion Arozena Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakariak. Arozenaren hitzetan, proiektua 2025ean abiatu zen eskualdeak itsasoarekin duen lotura estuan oinarrituta, eta gaur egun erakundeen arteko lankidetzari esker errealitate bihurtzeko bidean da.”

Bigarren fasea aurrerago gauzatzea aurreikusten da, eta Malkorbeko arkupeak egokituko dira, aldagelak, dutxak, takilak, erabilera anitzeko gela eta komun publikoak jarriz, ur irekietako igeriketarekin lotutako zerbitzu osagarriak eskaintzeko. Getariako Udalak fase hori Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-laguntzen bidez finantzatzeko asmoa du, eta laguntza lortuz gero, azpiegitura horiek gauzatzeari ekingo zaio.

Ekimen honen bidez, Getariak ur irekietako igeriketaren erreferentziazko gune bihurtzeko bidean aurrera egin nahi du, herritarren ongizatea, itsas kirolak eta itsasoari lotutako aisialdi eskaintza berritzailea sustatuz.