Herria itsaso - logotipoa
Bilatu (+34) 943 896 024 | udala@getaria.eus | 8:30-15:00
Bikain ziurtagiria logoa

Itzulpen automatikoa / Machine translation

Getariak hartu du Diputatuen Kontseiluaren 20. bilkura ibiltaria.

otsaila / 10, 2026

Bilkura ibiltaria baino lehen bi erakundeetako ordezkariek herrian martxan dauden egitasmo edota erronken inguruan hitz egiteko bilera egin dute.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak 20. bilkura ibiltaria egin du gaur goizean Getarian, Eider Mendoza diputatu nagusia buru. Kontseilua baino lehen, Aldundiko eta Getariako Udalak ordezkariek bilera egin dute Udalean bertan, eta Getariak esku artean dituen proiektuak eta erronkak partekatu dituzte. Hainbat egitasmo aztertu dira, eta instituzioen arteko elkarlana indartuta horiek sustatzeko egon daitezkeen aukerez hitz egin dute, Zarautz jauregiaren kasuan egin zen bezala.

Udalean egindako lehen orduko bilera ostean, foru diputatuek euren asteroko batzarra egin dute Getariako Zarautz jauregian, datorren astean ateak zabalduko dituen eraikinean. Kontseilu ibiltarien helburua da Gipuzkoako udalerrien erronkak eta proiektuen gauzatzea hurbiletik ezagutzea, lankidetza indartuz eta jarduera instituzionala herritarrengana hurbilduz.

Bilkuran, lurralde osoari eragiten dioten hainbat neurri eta erabaki onartu dituzte, eta testuinguru horretan Mendozak nabarmendu du Zarautz jauregiak eta Salbatore elizak osatzen duten gunea “lehen mailako gune historikoa” dela, eta “Gipuzkoa sustrai sakonak dituen lurraldea da, bere hizkuntza, kultura eta ohiturei uko egin gabe, itsasoaren bitartez mundura begira garatu dena. Komunitate balio sendoak oinarri hartuta, bere burua antolatzeko erakunde propioak sortu eta elkarlanean jarduteko bideak topatu dituena, etenik gabe berrituz eta lan eginez”. Era berean, diputatu nagusiak azpimarratu du erakundeen arteko elkarlanari esker komunitateari zuzenean mesede egiten dioten proiektuak bultzatu daitezkeela, eta Kontseilu ibiltaria lankidetza hori indartzeko tresna baliagarria dela.

Bestalde, Haritz Alberdi Arrillagak nabarmendu du erakundeen arteko zuzeneko harremana eta elkarlana Getariak eta gizarteak oro har beharrezkoa duten jarduna dela. Alkatearen esanetan, praktika on hori bilatu eta josten denean, herri-onura duten egitasmo publikoak aurrera ateratzen dira. Horren adibide gisa aipatu ditu Zarautz Jauregia, Jaurlaritza, Aldundia eta Udalaren arteko elkarlanari esker gauzatu dena, eta Salbatore elizako kriptan egiten ari diren esku-hartzea. Bi ekimenek iragana gehiago ezagutzeko aukera emateaz gain, “bereziki etorkizuna eraikitzen lagunduko” dutela azpimarratu du.

Kontseiluaren ondoren, foru diputatuek Salbatore elizako kripta arkeologikoa bertatik bertara ezagutzeko parada izan dute. Aldundiak, Udalak eta parrokiak lankidetzan dihardute espazio hori bisitagarri egiteko, bisita gidatuen programaren bidez, Gipuzkoako ondare historikoaren gune esanguratsuenetako bati balio berritua emateko helburuarekin.

Azkenik, Getariako Udalak eta Aldundiak jakitera eman dute astebete barru inauguratuko dutela ofizialki Elkano Mundubira Espazioa berria.