Herria itsaso - logotipoa
Bilatu (+34) 943 896 024 | udala@getaria.eus | 8:30-15:00

Itzulpen automatikoa / Machine translation

Getaria eremu tentsionatu izendatzeko lanketa abiatu du Udalak.

maiatza / 25, 2025

Pasa den astean, Euskal Autonomia Erkidegoan eremu tentsionatu izendatu daitezkeen udalerrien zerrenda eguneratu zuen Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak, eta 32 udalerri gehitu zituen, tartean Getaria. Izan ere, txostenaren arabera, legeak horretarako ezarritako irizpide bat betetzen da bertan, hau da: alokairuaren prezioek EAEn erregistratutako KPIa baino % 3 gehiago egin dute gora herrian azken bost urteetan, % 21,2, zehazki.

Horrenbestez, getariarrek herrian bizitzen jarraitu ahal izateko Udala etxebizitzen arloan egiten ari den lanketa guztiaz gain (Potzuagako aldaketa puntuala, Euskaltxetako alokairu sozialak, HAPO berria, Alokabiderekin lan-hitzarmena), herria Eremu Tentsionatu izendatzeko lanketari ekin dio orain.

Horretarako, Udalak urrats hauek jarraitu behar ditu:

Tentsio eremu gisa izendatzeak aukera berriak irekitzen dizkio Getariari, batez ere etxebizitza merkatuaren arauketan eta laguntzetarako sarbidean. Hona hemen abantaila nagusi batzuk:

  1. Alokairu prezioaren arauketa
    • Alokairuen igoerari mugak jar dakizkioke, prezioen gehiegizko gorakadak saihesteko.
    • Jabeentzako pizgarriak ezar daitezke alokairu eskuragarria eskaintzearen truke.
  2. Laguntzetarako eta diru-laguntzetarako sarbidea
    • Etxebizitzen birgaitze eta energia-eraginkortasuna hobetzeko diru-laguntzak lehenesten dira.
    • Babes publikoko etxebizitza eskaintza handitzeko funts publikoak erabil daitezke.
  3. Sustapen berriak errazteko neurriak
    • Etxebizitza eskuragarria eraikitzea sustatzen da, sustatzaileentzat baldintza abantailatsuekin.
    • Kooperatibekin lankidetza sustatzen da gizarte etxebizitza proiektuak bultzatzeko.
  4. Maizterrak babesteko neurriak
    • Etxe-kaleratze bidegabeen aurkako neurriak indartzen dira.
    • Alokairu-kontratu egonkorragoak ezar daitezke, baldintza egokiekin.
  5. Etxebizitza hutsen kontrol handiagoa
    • Hutsik dauden etxebizitzen jabeentzako tasak edo zehapenak ezarri daitezke, justifikaziorik gabe badaude.
    • Hutsik dauden etxebizitzak alokairu merkatura ateratzea sustatzen da.

Getariako Udalak jada kontratatu du lanketa egingo duen aholkularitza-enpresa (Gislan), eta lanketa horrek 4 hilabete inguruko iraupena izatea aurreikusi da.