Herria itsaso - logotipoa
Bilatu (+34) 943 896 024 | udala@getaria.eus | 8:30-15:00

Itzulpen automatikoa / Machine translation

San Anton mendia

“Biodibertsitatearen talaia” horixe da gure herriaren historian, eta herritarren iruditegian, ezinbestekoa den mendi publiko hau. Bizidun askoren topalekua da San Anton mendia. Ikuskatzen ibili diren Aranzadi-Arkamurkako lagunen arabera gutxienez 695 onddo inguru, 210 landare espezie eta 72 hegazti mota aurkitzen dira bertan.

 

Ibilbidean zehar honako panel hauekin aurkituko da bertaratzen dena:

 

Biodibertsitatea, planetan dauden bizidun oro, espezie bakoitza, bere barietateak, beraien artean sortzen diren elkarreraginak, paisaiak eta ekosistemak biltzen dituen kontzeptu bat da. Ekosistemen orekarako ezinbestekoa da, baita gizakiaren ongizaterako ere.

San Anton mendiko eremu lehorrean, paisaia idiliko eta ekosistema mosaiko baten inguruan bizi-forma anitz bizi dira, landare lore gabeak eta loredunak, horietako batzuk itsas labarretako baldintzetara egokituak, Armeria euscadiensis landare endemikoa eta mehatxatua esaterako, ornogabeak (tximeletak, kakalardoak, araknidoak barraskiloak…), ornodunak (narrastiak, ugaztunak…), eta talde horretan hegaztiak protagonistak, kaio hanka horia, ubarroi mottoduna eta belatz handia egoiliarrak dira, bertako labarretan habia egiten dutelarik. Fungi erreinuko presentzia oso nabarmena da inguruan, likenak non nahi eta gainontzeko onddoekin batera, 700 espezie baino gehiago bertan bizi direla kontrastatuz.

Biodibertsitatearen galeraren krisia dugu, alegia zientzialari askoek diote 6. suntsipen masiboaren fenomenoa bizitzen ari garela gizakiaren ekintzek bultzatua, habitatak suntsituz, sortutako kutsadura, espezien ustiaketa masiboa eta klima aldaketaren ondorioz. ONUren arabera, giza ekintzek eta habitaten suntsipenaren ondorioz,  egunero 150 espezie inguru eta, urteko 18.000 eta 55.000 espezien arteko kopurua desagertzen direla estimatzen da. Modu natural batez desagerpen tasa baina ehundaka aldiz handiagoa. Egoera oso larria da, eta mezu hau askotan plazaratzen ari da: guztiok osasuntsu bizi ahal izateko biodibertsitatea bizi aseguru bat da, eta horretarako planeta osasuntsu bat behar dugu.

 

Espezie aloktono edo exotiko inbaditzailea jatorrizkoa ez den ekosistema batean sartu eta bertako oreka ekologikoa hausten duen espezieari deritzo.

Bertako flora San Anton mendian eta gure lurraldean modu naturalean garatzen dena da. Espezie ezberdinak beren ingurunean zabaltzen dira eta, batzuetan, beste lurraldetara berez hedatzeko gai dira. Hori, betidanik gertatu den mekanismoa da eta fenomeno natural gisa ulertu behar da. Hala ere, espezieak sakabanatzeko beste mekanismo bat ere badago, gizakiaren esku-hartze zuzenaren edo zeharkako ondorioz ematen denekoa, adibidez, mekanismo biologiko arrunten bidez lortu ezin diren lurraldeetara heda litezke. Hauei deitzen diegu espezie aloktono edo exotikoa. Espezie horiek sarritan leku berrira egokitzeko gaitasunik ez duten arren, batzuetan bertakotzea lortzen dute, eskualde berri horietan iraun eta ugaltzeko gai izatera iristen dira.

Espezie aloktonoko horietakoren batek, ugaltzeko ahalmen handia duelako edo beste mekanismo batzuk dituelako, espeziei autoktonoari edo tokiko ekosistemei kalte egiten dienean, espezie exotiko inbaditzaileaz hitz egiten hasten gara, habitata naturalak ere eralda baititzake eta kontserbazio-arazo larriak sortu ere, bai espezieentzat, bai habitatentzat.

Gaur egun argi dago espezie exotikoen inbasio biologikoek garrantzi handia dutela mundu osoko natur inguruneko aldaketetan. UICN (Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Batasuna)ren arabera, maila globalean biodibertsitateak duen mehatxurik handiena suposatzen du, habitaten galeraren ondoren. Halako inbasioak, munduko biodibertsitatea gordetzeko arazo larria izateaz gain, konponbide zaila izaten du. Euskal Herrian espezie exotiko inbaditzaileen katalogo eguneratu bat behar dugu, espezie inbaditzaile hauen hedapena kontrolatu eta ekosistemetan sortzen duten inpaktua gutxitzeko ekintzak bideratuz.

 

Marearteko eremua ekosistema bat da itsasgora eta itsasbeheraren artean kokatzen dena. Biodibertsitate handiko ingurunea da, muturreko baldintzetara egokitutako organismoen bizilekua, hala nola lehortzea eta olatuen eraginpean egotea, eta itsasbeheran itsasgora-putzuetan harrapatuta edo arrokei itsatsita bizi behar dutenak. Bizitza mota askoren bizilekua da, besteak beste, likenak, algak, krustazeoak, moluskuak (lapak eta muskuiluak, adibidez), anemonak, itsas trikuak, itsas izarrak, olagarroak, arrainak, baita hegazti batzuentzako ere. Ekosistema hau ezinbestekoa da elikadura-katearentzat, espezie askoren ugalketarako eta kostaldeko hegaztien babeserako.

Marearteko guneen egoera desorekatu dezaketen faktoreak badira. Aztiko zientzialarien arabera  kutsadura mota ezberdinek itsasertzeko organismoen osasunean eragin negatiboa sortzen dute. Habitaten okupazioa eta galera, eta hainbat espezietan ustiaketa masiboa faktore desorekatzaileak direla aipatzen dute ere. Bestalde, ikerketa desberdinen arabera klima aldaketaren ondorioz, itsas mailaren igoerak kostaldeko marearteko habitatak degradatu, minimizatu eta desagerrarazi ditzake. Itsasoan eta marearteko guneetan espezie exotiko inbaditzaileen presentzia arazoa litzateke ere, Asparagopsis armata  eta Sargassum muticum algak esaterako, bertako hainbat algen garapena kaltetzen dute, horiek desplazatuz eta hainbatetan ere, beren desagerpena probokatuz.

Beraz, landare, narrasti, hegazti… onddoak badira ere! Ezagutu gehiago hemen klik eginda.