Euskal Herriko artelatz baso heldu bakarra da Getariakoa. EAEko Natura 2000 sarearen baitan dago Garate-Santa Barbara espazioa, eta Europar Batasunaren interesko habitatak eta espezieak dituelako dago babestua. Izan ere, ez da ohikoa artelatzak Kantauri isurialdean aurkitzea, klima mediterraneoko zuhaitzak baitira, eta horregatik da berezia Getaria eta Zarautz arteko eremu hau.
Ingurua leheneratu eta balioan jartzeko egitasmoa abiatu zuten Getariako Udalak eta inguru horretarako lursailen jabe diren hiru herritarrek. Elkarrekin, 700 artelatz landatu dituzte bertan, eta osasuntsu ugaltzen ari dira. Horrekin batera, herri-bideak berreskuratu dituzte, inguruak txukundu, urmaelak sortu eta zenbait espezie exotiko nahiz inbaditzaile kendu.
Egindako lanak jasotzen dituen bideoa duzue jarraian ikusgai.
Ingurua ezagutzeko, Artelatzen Ibilbidea egin daiteke oinez, Getariatik Zarautzera. Hauek dira eremuaren ezaugarriak:
- Adin guztietako aleak (landare erne-berriak, gainbehera doazenak…) daude, bereziki baloratzen da zuhaitz handien eta zaharren presentzia.
- Hildako egur (hildako zuhaitzak) ugari dago, etzanda eta baita ere zutik lehortutakoak.
- Zulo, txoko ugari dituzten zuhaitzen presentzia handia da (mikrohabitaten ugaritasuna), ugaztun txikientzako gordeleku direnak (muxar, lepahori, saguzar…).
- Intsektu xilofagoen (hildako egurjaleen) presentzia ere handia da (arkanbele, rosalia urdin…).
- Egurrarekin lotutako hegaztien bizitokia da (okil espezie desberdinen)..
- Basopean, beste landare espezien aniztasuna nabaria da (gorosti, zumalakar, zuhandor, gurbitz, elorri…).

- Ibilbidearen mapa eta informazio osagarria: Wikiloc.
Getaria herrian abiatzen da ibilbidea, eta mendiz egiten du Zarautzerainoko bidea, azkenik, bi herriak lotzen dituen itsas-bidetik itzultzeko.
Ia 12 kilometroko ibilbidea da, eta bidean hainbat geldiadi proposatzen dira, artelatzak eta haien inguruko landaredi eta animaliak ikusteko.
