Herria itsaso - logotipoa
Bilatu (+34) 943 896 024 | udala@getaria.eus | 8:30-15:00
Bikain ziurtagiria logoa

Itzulpen automatikoa / Machine translation

Gaur zabaldu ditu ateak Elkano Mundubira Espazioak.

otsaila / 19, 2026

Elkano Mundubira Espazioak ateak zabaldu ditu gaur Getarian, Zarautz Jauregia izenez ezagutzen den eraikin historikoan. Espazio berriak Juan Sebastian Elkanoren eta lehen mundu-biraren inguruko kontakizuna herritarren eta bisitarien eskura jartzea du helburu, ikuspegi didaktiko eta irisgarri baten bidez.

Zarautz Jauregia oin-plantaz gain lau solairuko eraikina da, eta zaharberritze prozesuaren bidez erabilera berria hartu du, ondare historikoa berreskuratuz eta balioan jarriz. Zaharberritze lanak 2022an hasi ziren, eta 2024an amaitu zen eraikinaren obra arkitektonikoa. Urte horretan bertan ireki ziren 0 solairua eta azken solairua; gaurko irekierarekin, berriz, eraikinaren gainerako hiru solairuak ere martxan jarri dira, Elkanoren eta mundu-biraren inguruko edukia jasotzen duen espazio iraunkor gisa. Haritz Alberdi Arrillaga Getariako Alkatearen esanetan, begi-bistakoa den emaitza honen altxorrik preziatuena eskuhartze guztiak biltzen duen errelatoa da, kontakizun bizia gure herriko itsas ondarearen inguruan eta Elkano eta mundubiraz gure begiradatik egiten den azalpenetan.

Iragana, itsas-historia eta etorkizunerako gunea:

Eraikinak jasotzen duen errelatoak hainbat kontakizun uztartzen ditu. Batetik, espazioan sartu bezain laster, bisitariak Getariako iraganarekin egiten du topo: II. mendeko aztarnekin, maila desberdinetan aurkitutako bale-hezurrekin, eta eraikinaren egituraren elementu berezienetako batekin, kontrafuertearekin.

Kontrafuerte horrek erakusten du, garai batean, lurren inguruan Zarautz Jauregiko jauntxoek eta herriak izan zuten disputa. Herriak irabazi zuen auzia, eta ondorioz, jauntxoak kontrafuerte hori egitera behartu zituzten.

Bestetik, 2., 3. eta 4. solairuetan, bisitariak Getariako historiaren pasarte nagusietako batekin egiten du topo: Juan Sebastian Elkanoren ibilbidearekin eta lehen mundu-birarekin. Espazioak, gainera, gure lurraldeak itsasoarekin izan duen harreman estua ere erakusten du, nortasunaren eta bilakaeraren parte izan den lotura historikoa azaleratuz.

Azken solairuan, berriz, erabilera anitzeko gune bat egokitu da, hitzaldiak, ikastaroak, jardunaldiak eta bestelako ekintzak egiteko. Helburua da espazioak, iraganaren eta historiaren kontakizunaz gain, etorkizunari begiratzeko aukera ere eskaintzea.

Zarautz jauregiaren eta Mundubira Espazioaren eskutik, diputatu nagusiak nabarmendu duenez, gipuzkoarrei, euskal herritarrei eta bisitatzen gaituen orori “leiho berri bat” irekitzen zaie Mundubira ezagutzeko, alegia, gure lurraldearen eta herriaren historiako “mugarri nagusietako bat” ezagutzeko. Mendozak gogoratu du jauregiak eta Salbatore elizak Gipuzkoaren historiako “gune neuralgiko nagusietako bat” osatzen dutela, erromatarren garaiko azternak, Erdi Aroari dagozkionak nahiz lurraldearen erakundetzearen hastapenekin lotura dutenak. “Leku gutxi egongo dira gure inguruan, hain metro gutxitan hainbeste dentsitate historiko dutenak”, berretsi du.

Elkarlan instituzionala eta finantzaketa:

Eraberritze lanak posible izan dira Getariako Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko elkarlanari esker. Proiektuaren guztizko kostua 3.794.216,86 eurokoa izan da, eta finantzaketa honela banatu da: Gipuzkoako Foru Aldundiak 1.778.266,51 euro, Eusko Jaurlaritzak 1.778.266,51 euro, Next Generation funtsen bidez 796.727,16 euro, eta Getariako Udalak 240.956,69 euro.

Urkiri Salaberria, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren zuzendariaren hitzetan “Proiektu honek euskal gizartearen izaera eta kultur ondarea egungo eta etorkizuneko belaunaldien esku jartzen du, gure herriaren sustraien eta hegoen adierazle den proiektua da”.

Gure historiaren ezaugarrietako bat da elkarlanarena eta Zarautz Jauregia horren beste adibide argi bat da. Konpartitutako bidea emaitza bezain ederra izan dela adierazi du Haritz Alberdi Arrillagak.