Gaur zabaldu da Getaria, Zumaia eta Azpeitiko udaltzaingoaren EPE bateratuan izena emateko epea.
Deialdi bateratua Zumaiako Udalak kudeatuko duenez, bertan eman beharko da izena. Izen-ematea maiatzaren 23tik ekainaren 19ra bitartean egongo da zabalik (biak barne).
Bost udaltzain lanpostu behin betiko izaeraz betetzeko hautaketa prozesua martxan dago dagoeneko. Deialdia bateratua izango da, eta bertan parte hartuko dute Getariako Udalak ( plaza bat), Azpeitiko Udalak (plaza bat) eta Zumaiakoko Udalak (hiru plaza). Honakoak ez dira plaza berriak izango; lehendik existitzen diren plazak behin betiko izaeraz betetzea da xedea, herriotako udaltzaingoen jarraikotasuna eta gertutasuna bermatzeko helburuarekin. Deialdiak lanpostu kopurua handitzeko aukera ere aurreikusten du.
Prozesuak oposizio-lehiaketa sistema izango du eta euskara, herriaren ezagutza eta gertutasuna funtsezko elementuak izango dira hautaketa irizpideetan. Hainbat fase izango ditu [ikusi xehetasunak beherago].
Pasa den astean argitaratu ziren oinarriak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, eta iragarkia Estatuko Boletin Ofizialean argitaratu ondotik, izen-ematea zabalduko da orain: maiatzaren 23tik ekainaren 19ra bitartean egin beharko da (biak barne).
Zumaiako Udalak kudeatuko du deialdia. Horrenbestez, izen-ematea eta prozesuaren jarraipena Zumaiako Udalaren egoitza elektronikoaren bidez egin ahal izango da:
>Informazio guztia hemen: Udaltzaingoen hautaketa-prozesua
Hiru udalerri hauek —Getaria, Zumaia, eta Azpeitia— udaltzaingo eredu hurbilago baten aldeko apustua egin dute, herritarren bizitzan aktiboki parte hartuko duten eta komunitatearekiko konfiantzan oinarrituko diren udaltzainak kontratatzeko asmoz. Horregatik, hautaketa irizpideetan euskara-maila, herriaren identitatearen eta ezaugarrien ezagutza eta gertutasunerako gaitasuna nabarmen baloratuko dira.
Gainera, deialdi honek lan-poltsa bat sortuko du etorkizunean ager daitezkeen behar berriei erantzuteko. Esperientziak erakutsi duenez, udalerritik kanpoko hautatu asko ez dira egonkortzen eta azkar alde egiten dute, eta prozesu honekin tokian tokiko inplikazioa duten udaltzainak hautatzea da helburua.
Hautaketa prozesuaren egitura
Hautaketa prozesuak gehienez 100 puntu ditu: 90 puntu oposizio-fasean eta 10 puntu lehiaketa-fasean. Oposizio-fasean bost proba egingo dira:
- Lehen proba: test teorikoa. Derrigorrezkoa eta baztertzailea izango da. Gai-zerrendako edukietan oinarrituko da, eta test moduko azterketa egingo da. Puntuazioaren kalkulua erantzun zuzen eta okerren arabera egingo da, eta 0 eta 40 puntu artean lor daitezke. Gutxienez 20 puntu behar dira gainditzeko.
- Bigarren proba: kasu praktikoen ebazpena. Azterketa euskara hutsean izango da. Gai-zerrendarekin eta lanpostuaren eguneroko funtzioekin lotutako kasu praktikoak aurkeztuko dira. Proba hau ere derrigorrezkoa eta baztertzailea izango da, eta 0 eta 20 puntu arteko balorazioa izango du. Gainditzeko, gutxienez 10 puntu lortu behar dira.
- Hirugarren proba: gaitasun fisikoko ariketak. Lau ariketa egingo dira. Derrigorrezkoak eta baztertzaileak dira, eta gutxienez 7,5 puntu behar dira gainditzeko. Puntuazioa 0 eta 15 artekoa izango da.
- Laugarren proba: herrien ezagutza. Derrigorrezkoa izango da, baina ez baztertzailea. Proba hau euskara hutsean egingo da, eta hautaketa prozesuan parte hartzen duten udalerrien (Zumaia, Getaria edo Azpeitia) ezagutza neurtuko du: kale-izendegia, auzoak, baserriak, eraikin eta monumentu nagusiak, udal antolamendua eta araudia, eta ordenantza espezifikoak. Azterketa test motakoa izango da (30 galdera), eta izangaiek hiru herrietako bat aukeratu beharko dute ariketaren hasieran. Puntuazioa 0 eta 15 artekoa izango da.
- Bosgarren proba: euskararen 2. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko. Derrigorrezkoa eta baztertzailea izango da. Ziurtagiria ez duten hautagaiek egin beharko dute, eta Gai/Ez gai moduan ebaluatuko da.
Oposizioa gainditu dutenek gehienez 10 puntu gehigarri eskuratu ahal izango dituzte. Honakoak izango dira baloragarriak: titulazio ofizialak, lan-esperientzia, ikastaroak, eta bestelakoak. Azken fasean, hautatuak izan diren pertsonek Arkautin trebakuntza ikastaro bat egin beharko dute.
Hautagaiek bestelako baldintzak ere bete beharko dituzte, besteak beste: 18 urte beteta edukitzea, arau orokor gisa 38 urte beteta ez edukitzea (salbuespen batzuekin), batxilergoa edo baliokidea izatea, eta gidabaimenak izatea.
