Gaur argitaratu dira GAOn Getariako Udalaren bi dirulaguntza deialdi berri.
Gaur, uztailaren 1ean, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu dira Getariako Udalaren bi dirulaguntza deialdi berri: bata, euskara ikasteko laguntzei dagokiena, eta bestea, garapen bidean dauden herrialdeekin lan egiten duten talde eta gobernuz kanpoko erakundeentzako laguntzena.
Euskara ikasteko laguntzak
Getariako Udalak 4.500 euro bideratuko ditu euskara ikasten ari diren herritarrak laguntzera. Deialdiaren helburua da Getarian erroldatutako herritarrak euskaltegietan eta barnetegietan euskara ikastera bultzatzea.
Laguntzak ikasketa-mailaren arabera banatuko dira:
- A1, A2, B1 eta B2 mailetan: matrikularen %100, gehienez 900 euro.
- C1 mailan: matrikularen %100, gehienez 400 euro.
- C2 mailan: matrikularen %75, gehienez 200 euro.
Nazioarteko lankidetzarako laguntzak
Era berean, Udalak 16.500 euroko dirulaguntza deialdia ireki du garapen bidean dauden herrialdeetan lan egiten duten talde eta gobernuz kanpoko erakundeentzat. Laguntzen xedea da herrialde horietako bizi-baldintzak hobetzea eta, bereziki, emakumeen eta adingabeen garapena sustatzen duten proiektuak babestea.
Bi deialdietan, eskabideak aurkezteko epea 15 lanegunekoa izango da, gaurko argitalpenaren biharamunetik aurrera zenbatzen hasita.
Deialdien oinarriak eta eskabide-orriak Getariako Udalaren webgunean eta udal bulegoetan eskuragarri daude.


