Getaria Gipuzkoako kostaldearen erdialdean kokatzen da, Kantauri itsasoaren ertzean. Getariako alde zaharra lur irmoa eta San Anton mendia lotzen dituen tonboloan dago, eta XVI. mendera arte uharte bat izan zen.
Historia pixka bat…
Getaria eta inguruak itsasoari lotuta egon dira beti. Gizakia historiaurrean hasi zen Getariako inguruetan ezartzen, eta horren lekuko dira, besteak beste, Altxerriko edo Ekaingo haitzuloak, Zarauzko Herrikobarrako aztarnategiak edota Getariako Arriaundiko tumuloak. Erromatarren garaian ere, garrantzia handiko ingurua izan zen, herrigune handi zein txikiak ezarri baitziren gurean, jarduera anitzetara emanak.
Nafarroako erregeak hiribildua eratu zuen 1180-1194 urteen artean, Getaria Gipuzkoako itsas portuetan nagusi zen garaian, eta hurrengo mendeetan ere buruzagitza horri eutsi zion. Alabaina, XIV. eta XV. mendeen artean, Getariak albo batera utzi zuen merkataritza jarduera, Debaren, Hondarribiaren eta Donostiaren mesedetan, arrantzara jotzeko, eta XVII. mendera arte, antxoa eta sardinaren gaziketa industriak eta bisigu eta bitzarrainaren eskabetxe industriak ezarri ziren herrian. Halaber, getariar asko izan ziren gipuzkoar eta lapurtar arrantza-ontzi handietako eskifaietan, urtero Ternuara eta Artikora joaten zirenak, bakailaoaren eta balearen arrantzara.
Horrez gain, Getariak txakolin ugari ekoizten zuen, hain zuzen ere, arrantza-ontzi handi horiek hornitzeko – 1989az geroztik, Getariako Txakolina Jatorrizko Deitura du bertako upategiek ekoitzitako txakolinak (2007an Getariako Txakolina Jatorrizko Deituraren geografia-eremua Gipuzkoa osora zabaldu zen) –
XVIII. mendean, Caracasko Errege Konpainia Gipuzkoarrak hartu zituen itsastar gehienak, eta mendearen amaieran, ekimen berriak sortu ziren, hala nola, Getariako Sardinzaleen Errege Konpainia (1764), baxurako arrantza biziberritzera etorri zirenak. Gerora, karlistadak amaitu zirenean (1876), itsasbazterreko arrantza indartu zen, arraina harrapatzeko eta kontserbatzeko teknologia berriei esker: baporeko motorrak, gaziketa teknika berriak… Egun, euskal itsasertzeko arrantza porturik garrantzitsuenetakoa izaten jarraitzen du Getariak, XIX. eta XX. mendeetan izan zen eran.
Itsasoa baino gehiago.
Baina Getaria itsasoa baino askoz gehiago da. Getaria euskaraen herria da, herri ireki eta abegitsua, bizitza handikoa. Herri txikia da, eta aldi berean, nortasun handikoa. Herrigintza du oinarri, eta horren erakusle dira herriko elkarteen zerrenda luzea eta haien lanari esker antolatzen den urteroko jarduera-sorta zabala. Getariaren itsasoa getariarrek osatzen dute; elkarteek, mugimenduek, erakundeek, taldeek… Hori da Getariaren benetako itsasoa. Getariaren pizgarria, herriaren indargunea.
Getariako Udalak ere errealitate berri horri erantzun nahi dio, geroz eta anitzagoa, berdinzaleagoa, oparoagoa eta berdeagoa den herria jomugan. Horretarako, hainbat lan-lerro finkatu ditu Udalak: transmisio kanalak sortzea, parte-hartze foroa garatzea, ehundura berriak eraikitzea, iruditegi berria lantzea, herri-kohesiorako ekimenak proposatzea, itsas kulturaren transmisioa bermatzea, herriko emakumeen lana duintzea eta prestigiatzea, herriko kurrikulumari jarraipena ematea, herritarrentzako espazio berriak sortzea…
Azken batean, getariar identitate berrien ikusgarritasuna sustatu eta indartu nahi du Udalak, herritarrekin elkarlanean.