Herria itsaso - logotipoa
Bilatu (+34) 943 896 024 | udala@getaria.eus | 8:30-15:00

Itzulpen automatikoa / Machine translation

Etxebizitza-apartamentu turistikoa ezartzeko, komunitatearen 3/5aren baimena beharko da.

maiatza / 30, 2025

Getariako Udalak azken urteetan hartutako erabakien ondorioz, gaur-gaurkoz, 22 etxebizitza, apartamentu eta logela turistiko daude herrian erroldatuta. Aurrerantzean, baimen berriak emateko, jabekideen gehiengoaren onespena beharko da.

Apirilaren 3an, jarduera ekonomiko horri zuzenean eragingo dion arautegi berri bat sartu zen indarrean. Jabetza Horizontaleko Legean egindako aldaketaren ondorioz, etxebizitza, apartamentu edo logela turistikoa martxan jarri nahi duen herritarrak ezinbestekoa izango du komunitatearen gehiengoaren baimena; zehazki, jabe guztien hiru bostenen aldeko botoa eskuratu beharko du, baldin eta partaidetza-kuoten hiru bostenak ordezkatzen badituzte. Berrikuntza hori ekarri du legean egindako aldaketak; beraz, jarduera sustatu nahi duen pertsonak komunitatearen berariazko baimena lortu beharko du, eta, gero, Udalean aurkeztu.

Hori horrela, Getariako Udalak lankidetzan aritzea proposatu die jabekide komunitateei eta finken administrariei, etxebizitza turistikoen jarraipen eraginkorragoa egiteko. Zehazki, honela gauzatuko da:

  1. Udalak errekerimendu bat igorri die herrian zerbitzua eskaintzen duten 6 finka-administratzaileei, komunitateetan hartutako erabakiak eta estatutuak aldatzeko akordioak Udalari jakinarazi diezazkieten, alojamendu turistikoak debekatu edo baimentzeko.
  2. Finken administrazioek kudeatzen dituzten komunitateen zerrendak bidaltzea eskatu zaie, koordinazioa hobetzeko.
  3. Aurrerantzean, alojamendu turistikoen erregistro berri bat izaten dugun bakoitzean, Udalak erregistroa egin duenari eskatuko dio komunitatearen baimena aurkezteko, Eusko Jaurlaritzari kasuan-kasuan dagokion erantzuna jakinarazi ahal izateko.

Administrazio profesionalik ez duten komunitateak daudela jakinik, beharrezko eta egoki ikusi da informazio hau herritar guztiei zabaltzea.