Estalpe berria gaurtik aurrera erabilgarri izango da.
Sahatsaga kiroldegiko kanpoko pistan eraikitako estalpe berria gaurtik aurrera herritarren eskura egongo da. Joan den irailean abiatu ziren obrak, eta azken hilabeteotan egindako lanen ondoren, erabilera anitzetarako gune estali publiko eta ireki berria prest dago jada. Estalpea egiteko inbertsioa 756.250 eurokoa izan da (BEZ barne).
Estalpea egiteaz gain, kantxa osoa ere eraberritu da. Esku-hartze horri esker, espazioa egokitu eta hobetu egin da, eta hainbat kirol praktikatzeko aukera berriak ireki dira. Horrela, herriak erabilera anitzeko eta kalitate handiagoko azpiegitura berritua izango du hemendik aurrera.
Azpiegitura berri honek Getariako hainbat beharri erantzuteko balioko du, eta eguneroko jardueretarako zein ekitaldi desberdinetarako espazio egokia eskainiko du. Bereziki, kirol, hezkuntza eta aisialdiko erabilerak erosoago garatzeko aukera emango du, eguraldi baldintzak alde batera utzita.
Ekaitz Esteban kirol zinegotziaren hitzetan, “pozik gaude herriarentzat hain garrantzitsua den espazio hau erabilgarri jartzeaz. Estalpea ez ezik, kantxa osoa berritu dugu, eta horrek aukera berriak ekarriko ditu kirola egiteko, elkartzeko eta espazioaz urte osoan gozatzeko”.
Era berean, Udalak jakinarazi du datozen egunetan espazio horretan skatepark-a ezarriko dela, eta obran falta diren azken lan txikiak ere amaituko direla.
Getariako Udalak eskerrak eman nahi dizkie herritarrei ere, pintaketa lanak zirela eta obretan ari zen espaziora ez sartzeko egindako eskaera oso ondo errespetatu dutelako. Jarrera horrek lanak modu egokian eta aurreikusitako epeetan amaitzen lagundu du.
Udalak azpimarratu du estalpea eta egindako hobekuntzak herritarren bizi-kalitatea hobetzeko eta herriko ekipamendu publikoak indartzeko beste urrats garrantzitsu bat direla. Era berean, herritarrei espazio berria zaintzeko eta ahalik eta etekin handiena ateratzeko deia egin die.


