Herria itsaso - logotipoa
Bilatu (+34) 943 896 024 | udala@getaria.eus | 8:30-15:00

Itzulpen automatikoa / Machine translation

EH Bildu eta EAJk udal taldeek bat egin dute azaroak 25eko adierazpen instituzionalarekin.

azaroa / 23, 2025

AZAROAK 25eko ADIERAZPENA EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIA DESAGERRARAZTEKO NAZIOARTEKO EGUNA DELA ETA

Indarkeria Matxista Ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela eta, gogora ekarri nahi dugu Indarkeria matxistak beldurrezko eta lotsazko ingurunea sortzen duela, indarkeria jasaten dutenak bakartzeko eta isilarazteko joera du, eta biktimagileen zigorgabetasun-sentsazioa areagotzen du. Izan ere, sarerik ez izateagatik eta komunitatean sustraituta ez egoteagatik, egoera horiek areagotu egiten dira isolatuago egon daitezkeen emakumeen artean, besteak beste, adineko emakumeak, landa-ingurune sakabanatuetan daudenak, desgaitasuna duten emakumeak, emakume atzerritarrak eta bestelako baldintza bereizleak dituztenak.

KOMUNITATEAk beste pertsona batzuekin konektatzen gaitu, eta babes-loturak garatzea eta narratiba komunak sortzea ahalbidetzen du. Horregatik, komunitateak emakumeen aurkako indarkeria matxista prebenitzen lagun dezake, eta berdintasunean oinarritutako harreman- inguruneak sortu, diskriminazioaren eta indarkeriaren adierazpenek tokirik izan gabe. Auzokide, lagun edo kuadrillen arteko harreman estuak goiz ohartaraz dezake indarkeria-egoera gertatzen ari dela.

Komunitate feministak, hurbiltasunetik eta sororitatetik, indarkeria jasaten ari diren emakumeak gorputzez babes ditzake, baita enpatia adierazi eta gertuko bide-laguntza ere eskaini. Halaber, jasandako indarkeria matxistari aurre egiten eta onera etortzen lagun dezake, eta egoera horietan bere erritmoak eta erabakiak errespetatu ditzake.

Tokiko komunitateak biktimen erreparazioa babes dezake. Horretarako, eragindako kaltea aitortu eta indarkeria matxista salatu dezake, eta publikoki biktimarekiko eta haren ingurukoekiko elkartasuna eta gaitzespena adierazi.

Udalok erantzukizun zuzena dugu, komunitateak sustatzeko non auzotarrak, taldeak eta koadrilak indarkeria matxistaren aurrean erne egongo diren, eta indarkeria matxista pairatzen dutenak hartu, integratu eta babestuko duen bizitza komunitarioa bultzatzeko. Era berean, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren biktimentzako komunitate erreparatzaileak sustatzeko erantzukizuna dugu.

Horregatik, Getariako Udalak honako jarduera hauek garatzeko konpromisoa hartu du:

  • Sentsibilizazio- eta kontzientziazio-kanpainak garatzea, emakumeen aurkako indarkeria matxista hutsaltzen edo legitimatzen duten diskurtsoak eta jarrerak desaktibatzeko, bereziki konplizitate matxisten inguruetan.
  • Indarkeria matxistako kasuen aurrean herritarren mobilizazioa sustatzea, indarkeria gaitzesteko eta biktimekiko elkartasuna adierazteko.

Dokumentua HEMEN ikusgai.