Aurten ere Getariak bat egin du ZERO ZABOR URETAN ekimenarekin.
ZERO ZABOR URETAN erakusketa maiatzaren 25etik ekainaren 2ra egongo da ikusgai Getariako udaletxeko sarreran. Ekimenaren bidez, itsas hondakinen arazoaz hausnartu eta herritarrak ohitura jasangarriagoetara bultzatu nahi dira.
Getariak bat egin du aurten ere ZERO ZABOR URETAN ekimenarekin, itsasoa zaintzea bizitza zaintzea dela gogorarazteko. MATER Ontzi Museo Ekoaktiboak bultzatutako kanpainak itsas hondakinen arazoari buruzko hausnarketa sustatu nahi du, eta, aldi berean, herritarrak eguneroko ohituretan aldaketa txiki baina esanguratsuak egitera animatu.
Gaur, astelehena, egin da erakusketaren inaugurazioa Getariako udaletxean. Bertan parte hartu dute Haritz Alberdi Getariako alkateak, Iturzaeta eskolako LH4. mailako ikasleek eta MATER Ontzi Museo Ekoaktiboko tripulazioko kideek, Ane Goenagak eta Yeissa Arruabarrenak. Erakusketa ekainaren 2ra arte egongo da ikusgai udaletxeko sarreran.
Erakusketaren ardatz nagusiak ZABOR eta BIO erraldoiak dira, haurrek sortutako hainbat mezurekin batera. ZABOR itsas hondakinen munstroa da: egunero sortzen dugun zabor kopuru jasanezinaren irudikapena. BIOk, berriz, bizitza ahalbidetzen duten izaki bizidunen sare magikoa irudikatzen du; sare horren parte gara pertsonak ere, baina askotan ez dugu behar bezala zaintzen.
Getariako haurrek sortutako mezuek herritarrei hausnarketarako gonbita egiten diete: kontsumo-ohiturei erreparatzeko, hondakin gutxiago sortzeko eta itsasoa zaintzeko eguneroko keinu txikien garrantziaz jabetzeko. Izan ere, ekimenak azpimarratzen du ekintza bakoitzak balio duela, eta gure eguneroko erabakiek eragin zuzena dutela etorkizun jasangarriago baten eraikuntzan.
Erakusketa udaletxean egon ondoren, ekainean zehar haurrek sortutako mezuak Getariako merkatarien erakusleihoetan jarriko dira ikusgai. Horrela, ekimena kalera aterako da, eta herritarrengana modu hurbilagoan iritsiko da, kontsumo arduratsuagoaren aldeko mezua zabalduz.
Azkenik, MATER Ontzi Museo Ekoaktiboa uztailaren 16tik 18ra atrakatuko da Getarian, doako jardueraz osatutako programazioarekin. Horren bidez, herritarrek aukera izango dute itsas hondakinen inguruko lanketan sakontzeko eta itsasoa zaintzearen aldeko konpromisoa indartzeko.


