Herria itsaso - logotipoa
Bilatu (+34) 943 896 024 | udala@getaria.eus | 8:30-15:00
Bikain ziurtagiria logoa

Itzulpen automatikoa / Machine translation

Udalak Artzapeko eskailerak eraberritu ditu, segurtasuna eta egitura hobetzeko.

urtarrila / 16, 2026

Getariako Udalak, Eusko Jaurlaritzako Portu Agintaritzarekin elkarlanean, Artzapeko eskailerak eraberritzeko lanak amaitu ditu, azpiegituraren segurtasuna eta egoera orokorra hobetzeko helburuarekin.

Eskailerak eraiki zirenetik ez zen inolako mantentze-lanik egin, eta denboraren poderioz, hainbat kosketako egurrak askatzen hasiak ziren. Egoera horri aurre egiteko, egurrezko pieza guztiak askatu dira, banan-banan lixatu eta margotu, eta ondoren berriro jarri ahal izateko. Gainera, egitura sendoagoa izan dadin, torloju gehiago gehitu zaizkie tablei.

Lan horiez gain, barandillako egurra margotu da, eta eskaileren burdinezko egitura ere txukundu eta egokitu da, multzo osoaren segurtasuna eta itxura hobetuz.

Esku-hartze honek 13.800 euroko kostua izan du. Getariako Udalak nabarmendu du mantentze-lan hauek funtsezkoak direla espazio publikoen segurtasuna eta irisgarritasuna bermatzeko, eta aurrerantzean ere, beste erakundeekin elkarlanean, udalerriko azpiegituren egoeraren jarraipenari eutsiko diola.