Herria itsaso - logotipoa
Bilatu (+34) 943 896 024 | udala@getaria.eus | 8:30-15:00
Bikain ziurtagiria logoa

Itzulpen automatikoa / Machine translation

Aldundiak behin betiko onarpena eman dio Euskaltxetan 20 alokairu sozialeko etxebizitza eraikitzeko planari.

maiatza / 14, 2026

Administratiboki egiteko geratzen zen azken urratsa zen hau, eta behin betiko onespenarekin proiektua idatzi eta exekutatzea izango da hurrengo pausoa. Getariako Udalak dagoeneko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari prozedura hori martxan jartzea.

Gipuzkoako Foru Aldundiak behin betiko onartu du Getariako “IV – Balenciaga Hirigintza Eremuko g.00 lurzatiari dagokion Hiri Antolamenduko Plan Berezia”. 2026ko maiatzaren 11n eman zen foru aginduaren bidez gauzatu da onespena.

Plan Bereziaren helburua Balentziaga eremuko antolamendu-baldintzak egokitzea da, bertan alokairu sozialera bideratutako 20 zuzkidura-bizitoki, txandakako aparkalekuak eta irisgarritasun hobekuntzak ahalbidetzeko. Proiektu hau Getariako Udalaren eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailaren arteko elkarlanaren emaitza da, eta herrian baldintza duinetan bizitzeko aukera berriak sortzea du xede.

Hain zuzen ere, planak Herrerieta kalea eta Kristobal Balentziaga kalea arteko 527 metro koadroko lurzatia antolatzen du. Gaur egun bertan Eskualtxeta Kultur Gunea dago, baina antolamendu berriak bi erdisotoko, beheko solairuko eta hiru solairu altuko eraikin berria aurreikusten du. Goiko solairuetan 20 zuzkidura-bizitoki eraikitzeko aukera izango da.

Horrez gain, proiektuak herritarrentzako txandakako aparkaleku berriak aurreikusten ditu sestra azpian, gaur egun inguruan dagoen aparkalekuarekin lotuta. Era berean, etorkizunean Herrerieta eta Balentziaga kaleak lotuko dituen igogailurako pasabidea egiteko aukera ere jasotzen du Planak, herriko irisgarritasuna hobetzeko helburuarekin.

Getariako Udalak 2025eko uztailean eman zion lehen onespena Plan Bereziari, eta ordutik administrazio- eta ingurumen-izapide guztiak osatu dira. Ingurumen Administrazioko Zuzendaritza Nagusiak aldeko txostena eman zuen, eta telekomunikazioen nahiz kostaldeen arloko txosten sektorialak ere behar bezala osatu dira azken hilabeteetan.

Udalaren ustez, egitasmo hau pauso garrantzitsua da Getariako etxebizitza arazoari aurre egiteko. Izan ere, herrian lehen aldiz alokairu sozialeko bizitoki publikoak eraikitzeko aukera emango du, eta gazte zein etxebizitza-premia bereziak dituzten herritarrei erantzuteko balioko du. Aurreikuspenen arabera, etxebizitzen erdiak gazteei zuzenduko zaizkie, eta gainontzekoak etxebizitza premian dauden herritarrei eta indarkeria matxista jasan duten emakumeei bideratuko zaizkie. Gogorarazi behar da bizitoki hauetan ordaindu beharreko alokairua diru-sarreren araberakoa izango dela, eta Etxebidek zehaztuko duela, gehienez ere, 350 eurokoa logela bakarreko etxebizitzetan eta 450 eurokoa bi logelakoetan.

Behin betiko onespenarekin, Getariako Udalak plan berezia osatzen duten agiri guztiak bilduko dituen testu bategina bidaliko du Gipuzkoako Hirigintza Plangintzaren Erregistroan inskribatzeko.