KAPSULA KUANTIKOA | Ezagutu fisika kuantikoaren mundua beste modu batera!
09:00-14:00 / 16:00-19:00 | Portuan (Kirol portuaren ondoko aparkalekua)
Publiko guztientzat!
Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren ekimen ibiltaria
Ezagutu fisika kuantikoaren mundua beste modu batera!
Laster, Kapsula Kuantikoa Getarian izango da. Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren ekimen ibiltaria da, eta fisika eta teknologia kuantikoak herritar guztiei modu irisgarri, erakargarri eta parte-hartzailean hurbiltzea du helburu.
Unitate mugikor moderno honetan, parte-hartzaileek taldeko esperientzia bat biziko dute, fisika kuantikoaren oinarrizko printzipio batzuk ezagutzeko eta eguneroko bizitzan dituzten aplikazioak deskubritzeko. Bisitan, ikus-entzunezko baliabideak eta instalazio interaktiboak uztartzen dira, konplexuak edo eguneroko bizitzatik urrunekoak iruditu daitezkeen kontzeptuak errazago ulertzen laguntzeko.
Bisitak dibulgazio zientifikoan espezializatutako hezitzaileek gidatuko dituzte, eta talde bakoitzaren beharretara eta gaitasunetara egokituko dira. Edukiak, erritmoa eta iraupena moldatu ahal izango dira, parte-hartzaile guztiek esperientzia eroso, aberasgarri eta irisgarri batez gozatzeko aukera izan dezaten.
Jarduera guztiz doakoa da, adin guztietako herritarrei zuzenduta dago eta ez da beharrezkoa zientziari buruzko aurretiazko ezagutzarik izatea. Ikastetxeek, elkarteek, familiek, gazteek, adinekoek eta zerbait berria ezagutzeko jakin-mina duen edonork parte hartu ahal izango dute.
Kapsula Kuantikoa Getarian izango den eguna eta kokapena: AZAROAK 3 | Portua (Kirol portuaren ondoko aparkalekua).
Goizez, 09:00etatik 14:00etara: ikastetxeei, elkarteei eta beste kolektibo batzuei zuzendutako saioak egingo dira, eta bisitek 50 minutu eta ordubete arteko iraupena izango dute.
Ikastetxeen kasuan, Lehen Hezkuntzako azken zikloko (5. eta 6. mailak), DBHko eta Batxilergoko ikasleek parte hartzea gomendatzen da, azalpenak ikasgelan lantzen dituzten ikasgaiak kontuan hartuta emango baitira, hala nola Natura Zientziak, Fisika eta Kimika, Matematika edo Teknologia.
Arratsaldez, 16:00etatik 19:00etara: bisitak herritar guztientzat irekita egongo dira, eta 30 minutu inguruko iraupena izango dute, interesa duen edonork esperientziaz gozatzeko aukera izan dezan.
Saio bakoitzean gehienez 26 pertsonak parte hartu ahal izango dute.
Nola parte hartu?
Saio bat erreserbatzeko edo informazio gehiago jasotzeko, info@kuantika.eus helbidera idatzi edo 945 18 07 36 telefono-zenbakira deitu dezakezue. ZientziaKlik-en webgunea ere kontsulta dezakezu:Kapsula Kuantikoa: fisika kuantikoa errepidera aterako da.
Getariako herritar guztiak animatu nahi ditugu esperientzia honetan parte hartzera eta fisika kuantikoa gure eguneroko bizitzatik uste baino askoz hurbilago dagoela ezagutzera.
Kapsula Kuantikoan zuen zain izango gara!

