Herria itsaso - logotipoa
Bilatu (+34) 943 896 024 | udala@getaria.eus | 8:30-15:00
Bikain ziurtagiria logoa

Itzulpen automatikoa / Machine translation

Gazte eta kultur eragileentzako espazio autogestionatuak beste aurrerapauso bat eman du.

uztaila / 30, 2026

GGAk eta GRAKAk Aldamar Parkeko 3. zenbakiko udal eraikinean garatuko dute beren jarduera, 15 urteko hasierako lagapenarekin

Getariako Udalak beste urrats garrantzitsu bat eman du gazte eta kultur eragileentzako espazio autogestionatua martxan jartzeko bidean. Asteartean Udalbatzak aho batez onartu zuen Getariako Gazte Asanbladari (GGA) eta Getariako GRAKA Underground Musika Elkarteari (GRAKA) Aldamar Parkeko 3. zenbakian dagoen udal eraikinaren erabilera lagatzeko proposamena. Erabaki honen bidez, herriko bi elkarteek herriarentzako jarduera sozial, kultural eta artistikoak garatzeko espazio egonkorra izango dute.

Onartutako proposamenaren arabera, udalaren titulartasuneko eraikinaren erabilera dohainik lagako zaie bi elkarteei, gazte eta kultura arloko jarduerak garatzeko. Lagapenak 15 urteko hasierako iraupena izango du, epe hori amaitutakoan espazioaren erabilerari jarraipena emateko eta lagapena luzatzeko borondatearekin.

Herritarren onurarako espazioa

Udalaren iritziz, bai GGAk bai GRAKAk aurkeztutako proiektuek herritarren onura publikorako helburua dute. Espazio autogestionatu berriak gazteen ekimena, sormena eta kultur jarduera sustatzeko balioko du, eta herriko elkarteek beren proiektuak garatzeko azpiegitura egonkorra izango dute.

Eraikinaren barruan erabilera-eremuak ere zehaztu dira. Guztira, GGAk kudeatuko duen 140 metro koadroko kultur espazioa zabala, GRAKAk erabiltzeko 35 metro koadroko 2 entsegu-gela, eta konpartituak izango diren sarrera eta komunak eta instalazio-gela izango dituzte, herriko ekimen eta jarduera desberdinei erantzuteko.

Gardentasuna eta hurrengo urratsak

Lagapenaren espedientea 20 lanegunez jendaurrean egongo da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta udaleko iragarki-oholean, interesdunek alegazioak aurkezteko aukera izan dezaten. Epe hori amaitutakoan alegaziorik aurkezten ez bada, lagapena behin betiko onartutzat joko da.

Gazteen eta kulturaren aldeko apustua

Espazio autogestionatu berriaren helburua da Getariako gazte eta kultur eragileei egonkorra, irekia eta parte-hartzailea izango den erreferentziazko gune bat eskaintzea. Horren bidez, herriko elkarteek beren jarduera garatzeko baldintza egokiak izango dituzte, kultura-sorkuntza, musika, topaketak eta bestelako ekimen sozialak sustatuz. Aldi berean, Udalak herriko ehun soziala indartu eta gazteen parte-hartzea bultzatzeko konpromisoa berresten du, herri bizi, dinamiko eta parte-hartzaile baten alde lanean jarraituz.

Azkenik, espazioa egokitzeko obrek ere aurrera jarraitzen dute. Lagapen administratiboaren tramitazioarekin batera, Udalak eraikina prestatzen jarraitzen du, espazio autogestionatua martxan jartzeko beharrezko baldintzak bermatzeko. Horrela, administrazio-prozedura eta egokitzapen-lanak paraleloan garatzen ari dira, proiektua lehenbailehen errealitate bihurtzeko.