Getariako Udalak kudeaketa ekonomikoko erdi mailako teknikari postua betetzeko lan eskaintza argitaratu du Lanbideren bitartez.
Bederatzi hilabete inguruko aldi baterako kontratua izango da, amatasun baimena estaltzeko, eta ekonomia arloko titulazioa eta euskarako C2 maila eskatuko dira lehentasunez.
Getariako Udalak kudeaketa ekonomikoko erdi mailako teknikariaren (A2 azpitaldea) lanpostua aldi baterako betetzeko lan eskaintza argitaratu du Lanbideren bitartez. Kontratazioaren helburua da, lehenik eta behin, lanpostuaren zereginak ikasteko sortutako lan-pilaketari erantzutea, eta ondoren amatasun baimena estaltzea. Kontratuaren iraupena gutxi gorabehera bederatzi hilabetekoa izango da.
Lanpostuak Udalaren eguneroko kudeaketa ekonomikoan funtsezko eginkizunak izango ditu. Besteak beste, nominak prestatzea, Gizarte Segurantzarekin lotutako izapideak egitea, fakturen ordainketa eta kontabilizazioa, aurrekontuen exekuzioaren jarraipena, fakturazioa, banku-kontziliazioak, zerga-betebeharrak, dirulaguntzen justifikazioa eta dirubilketarekin lotutako lanak izango dira egin beharrekoak.
Lanpostuaren baldintzei dagokienez, Ekonomia, Zuzenbidea, Enpresagintza edo arlo ekonomikoarekin lotutako baliokideak diren unibertsitate-graduak eskatuko dira. Era berean, euskarako C2 hizkuntza-eskakizuna izango da lehentasunezko baldintza; hala ere, titulazio hori duten hautagaiekin lanpostua bete ezin bada, C1 mailako hautagaiak ere kontuan hartuko dira.
Balorazio-irizpideen artean, bereziki aintzat hartuko dira Gizarte Segurantzako kudeaketan izandako esperientzia, nominak prestatzen izandakoa, SAREKO sistemarekin egindako lana eta lanpostuaren gainerako eginkizunetan metatutako esperientzia.
Lanpostuak 3.722,64 euroko hileko soldata gordina izango du, eta ordutegia 08:00etatik 15:00etara izango da, malgutasunarekin eta Udalhitz hitzarmenak ezarritako ordutegi eta egutegia betez. Era berean, Udalak jakinarazi du hautaketa-prozesu honetatik ez dela lan-poltsarik sortuko.
Getariako Udalak herritarrei dei egin die baldintzak betetzen dituzten pertsonek lan eskaintzan parte har dezaten, udal zerbitzuen jarraitutasuna eta kalitatezko arreta bermatzeko helburuarekin.
Izen-ematea eta informazio gehiago honako estekan, ekainaren 26a baino lehen:


