Artzape, Getaria
Santos Bregañak Artzapeko hormarako egin duen obraren bidez, herritarrentzat hain kuttuna den eremua, oroitzapenez betea, sinbolismo handiko pieza garaikide bihurtu da. Abiapuntua moilaren gaineko eremuan oso errotuta zegoen ohitura bat izan da; izan ere, antzina, arrantzaleak Artzapeko petrilean jartzen ziren, itsasoari begira labanak zorrozteko, eguneroko jardunaz hitz egin edota arrantzara irteteko unea itxaroten zuten bitartean. Keinu xume hartatik abiatuta —labanaren eta harriaren arteko igurtzi etengabea, itsas bazterreko solasaldi atseginean—, obrak metalez, harriz, idazkunez eta musikaz osatutako lengoaia bat eratu du.
Brontzezko lau eskultura-piezak osatzen dute obra, egileak leundu eta biribilduak, errekarrien, itsas animalien ornoen edo amarratze-elementuen hondarren itxura lortu arte. Xedea ez da izan arrantzaleak eta portua bere horretan irudikatzea; higatze-prozesua bera nabarmendu nahi izan da, memoriari bide emateko. Pieza horiez gain, uhin bat irarri da harrizko hormaren ertz batean, Tomas Garbizuren Getaria partituraren adierazpen grafikoa; hala, Artzapeko petrila “partitura mineral” moduko bat bihurtu da. Obraren goiko aldean, idazkun bat gehitu da, Lamia tipografian —Jose Frantzisko Iturzaetaren gotiko likidoaren birsorkuntza garaikidea—; horrela, hiribilduaren historia grafikoarekin lotu da obra. Azkenik, Jon Maiaren hitzek —”Harriak mintzo dira gutaz, itsasoak zorroztutako herriaz”— ederki laburbiltzen dute muinean dagoen ideia, alegia, harriek gordetzen dutela itsasoak eta denboraren joanak moldatutako komunitatearen historia.
Alfa Arte galdategia arduratu da piezak beharrezko zehaztasun teknikoaz egiteaz, denboraren joanean obraren sendotasun- eta higadura-kutsuari eusteko, obraren iraunkortasuna eta, aldi berean, kalteberatasuna gordetzeko. Azken emaitza ez da monumentu bihurturiko eremu bat; hau da, obra honekin, eremua sendotu da, gure zentzumenen bitartez irakur, ukitu eta entzun dezakegun gune bihurtuta.
Artzape eta harresia
Artzape Getariako itsas historiaren parte da, mendeetan zehar bertan elkarlotu baitira harresia, moila eta eguneroko bizitza. Ez da herriaren ertz soil bat, joan-etorrirako, itxaroteko eta begira egoteko leku bat da. Bertatik hobeto ulertzen da herriaren eta itsasoaren arteko lotura, babes-arkitekturaren eta espazioaren ohiko erabileraren arteko lotura. Bregañaren esku-hartzean, hain zuzen ere, “muga” hori hartu da oinarri, irakurketarako gune bihurtzeko.
Obra jarri den horma ez da hasierakoa. Jatorrizko harresia hegoalderago zegoen, zenbait metro harago, eta egungo petrila XX. mende hasierako moila berriko lanen ondotik eraikia da. Dena den, geroagokoa izateak ez du lekuaren garrantzia apaltzen; aitzitik, beste geruza bat gehitzen dio Getariako historiari, denboraren joanean memoria berridatzi den geruza.
Arrantzaleak
Belaunaldiz belaunaldi, arrantzaleek petril hori erabili zuten labanak zorrozteko, elkarrekin hitz egin eta itsasoaren egoera zaintzen zuten bitartean. Ohiturak ofizioarekin zuen lotura, baina baita errituarekin ere; izan ere, labana harriaren kontra igurztean, lanabesa zorrozteaz batera, elkarrekin partekatutako denbora fintzen zuten. Behin eta berriz errepikatzen zen eszena xumea zen hura, ia isilekoa, baina ageriko arrastoa utzi zuen harrietan.
Hain zuzen ere, keinu hori da obra honen benetako abiapuntua. Baina Bregañak ez du bere horretan erreproduzitu, ez eta bitxikeria kostunbrista bihurtu ere. Erabileran oinarritutako memoriaz baliatu da, toki horretan egoteko moduaz. Harresian ezarritako lau piezek ez dituzte arrantzaleak irudikatzen; arrantzaleen munduaren aztarnari beste itxura bat eman diote, berritzailea, soila eta anbiguoa, interpretaziora irekia.
Metalezko piezak
Harresiaren mendebaldean, moilara jaisteko eskaileren ondoan, ezarritako eskultura-multzoa brontzezko lau piezaz osatuta dago. Obraren forma higatu eta leunduek hondartzako errekarriak, balearen ornoak, saregileen gorputz makurtuak edota antzinako amarratze-elementuak gogorarazten dituzte. Ez dira forma itxiak; itsas hondarrak dirudite, itsasoan aurkitutako arrastoak, urteetan zehar itsasoak bere erara moldatu izan balitu bezala.
Obra anbiguoa da, eta anbiguotasun horrek ematen dio indarra, besteak beste. Irudi irekiak dira, eta irakurketa ugari egiteko aukera ematen dute, bakar bat ere bazterrean utzi gabe. Itsasoko materia izan daitezke, lanarekin loturiko memoria edota, besterik gabe, eskultura soil bat. Horregatik, eskala zehatzean kokatu dira, xedea ez baita inguruneari gailentzea, ingurunean neurri egokian integratzea baizik.
Tomás Garbizu
Obraren dimentsio musikalak Tomas Garbizuren “Getaria” partituran du sorburua, hiribilduari eta bertako paisaia sentimentalari lotuta baitago. Partitura horretatik abiatuta, Bregañak ale fineko harrian irarritako uhin jarraitu baten bidez irudikatu du melodia, hormaren lehengo akabera ordeztuta. Emaitza kostaldearen profil gisa interpreta daitekeen lerroa da, sismograma bat edo mugimendurik gabeko olatu bat izango balitz bezala.
Irudikapen horren bidez, ukimena baliatuz interpreta daitekeen esperientzia bihurtzen da musika. Lerroa eskuaz zeharkatzea da helburua, ukitzea, urteen joanean bertan pausatuko diren eskuen eragina edo higadura aurrez onartuta. Hala, hormaren kantua partitura isil bihurtzen da; belarriak gorputzari ematen dio bide, eta melodia paisaia bihurtzen da.
Iturzaeta eta Lamia tipografia
Jose Frantzisko Iturzaetak (Getaria, 1788) berebiziko garrantzia izan zuen kaligrafiaren historian. Haren letra etzana (bastard), trazu dotore eta diziplinatuarekin, mugarri izan zen XIX. mendeko eskoletako idazketaren irakaskuntzan, hainbat hamarkadatan. Lan honetan, Bregañak grafia haietako bat berreskuratu du, eta birsortu, Lamia tipografiaren bidez; hain zuzen ere, letra gotiko likidoaren itxura du, letra xehe biribilaren interpretazio garaikidea.
Obra honetan, letrak ez du helburu pedagogikorik, elementu bisual bat da, lurraldearekin loturikoa. Harrian zizelkatuta, idazkuna egoki integratzen da horman, paisaiaren beste geruza bat izango balitz bezala. Hala, azken emaitzan, herria ikusi ez ezik, irakurri egiten da. Grafia historikoak gaurkotasuna hartzen du, eta idatzizko memoriak dagokion lekua lortzen du berriro, moilaren aurrean.
Jon Maia
Jon Maiaren hitzek zehaztasun bereziz laburbiltzen dute proiektuaren zentzua: “Harriak mintzo dira gutaz, itsasoak zorroztutako herriaz”. Esaldi horrek lana, egurats gorria, bizikidetza eta identitate partekatua adierazten ditu. Ez da aipu huts bat, obraren esanahiaren adierazpen ia erabatekoa da.
Hitz horiek kutsu afektiboa eta kolektiboa ematen diote obrari. Izan ere, beste maila batera darama esku-hartzea, non harriak, itsasoak eta komunitateak kontakizun berean bat egiten duten. Bregañaren lanak ez dio kanpotik begiratzen Getariari; lekuari berari ematen dio aukera bertako materialetan eta hitzetan islatuta hauteman dadin.
Santos Bregaña eta Alfa Arte
Santos Bregañak urteak daramatza eremu propio batean lanean, diseinua, artea, literatura eta memoria materiala uztartuz. Artzapen egindako esku-hartzean, ondo antzeman da egiteko modu hori: zehatza, ongi neurtua eta obra ezarri aurretik leku horretan zeuden kontakizunekiko arretatsua. Obra honekin, ez da irudi berri bat inposatu; antzinakoa entzun, eta ikusgai jarri da.
Alfa Arte euskal galdategiari esker egin dira piezak, beharrezko ezagutza teknikoaz lagundu baitu, azken emaitzan sendotasunaren eta higaduraren arteko kutsu horri eusteko, iraunkorra baina, aldi berean, kaltebera izan dadin lortzeko. Artistaren eta galdategiaren arteko lankidetza funtsezkoa izan da proiektu honetan: tokiko memoria, materia garaikide bihurtua.
Artzapen, eskulturak ez du iragana monumentu bihurtu: sendotu egin du. Antzinako ohitura bati gaurkotasuna eman dio, orainaldi partekatu bihurtuta, eta Artzapeko eremuaren betiko zentzuari eutsi dio; hau da, egoteko, hizketan aritzeko eta begiratzeko lekua da, eta aurrerantzean, baita irakurtzeko lekua ere.

