Herria itsaso - logotipoa
Bilatu (+34) 943 896 024 | udala@getaria.eus | 8:30-15:00

Itzulpen automatikoa / Machine translation

Getariako Udalak armarria aldatzeko Aldundiaren onespena jaso du.

abendua / 04, 2025

2025eko azaroaren 26an, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernantza Departamentuak Getariako udalerriari armarria aldatzeko onespena zuen foru agindua eman zion, eta atzo, Gipuzkoako udal barrutiak erregulatzeko martxoaren 17ko 2/2003 Foru Arauak 37. artikuluan ezartzen duenari jarraikiz, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO) argitaratu da. Toki Erakundeen Foru Erregistroan inskribatzea da hurrengo urratsa.

Foru Arau horrek jasotzen duenez, udal armarriak eta banderak onartu edo aldatzeko prozedura honako urratsetan oinarritzen da:

  • Udal Osoko Bilkuraren aldeko erabakia izatea, espedientean behar bezala egiaztatutako arrazoi historiko eta heraldikoetan oinarrituta hartutakoa;
  • Espedientea Gipuzkoako Foru Aldundiari bidaltzea, behin betiko ebazteko;
  • Ebazpena Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea;
  • Eta Toki Erakundeen Foru Erregistroan inskribatzea.

Aldundiak Udaletik igorritako espedientea aztertu du, eta Foru Arauak bere 37. artikuluan ezartzen duena betetzen duela ondorioztatzen du: Osoko Bilkuraren hasierako onespena izatea, jendaurrean jartzea, GAOn argitaratzea, udaletxeko iragarkien taulan nahiz udal webgunean azaltzea, eta Osoko Bilkuraren behin betiko onespena jasotzea (2025ko uztailaren 29ko bilera).

Foru aginduan jasotzen da ere, espedientean Eusko Ikaskuntzaren bi txosten eta ziurtagiri bat daudela: armarria aldatzeko arrazoi historiko eta heraldikoak daudela baieztatzen dutenak; eta bermatzen dutenak armarri berriaren proposamenak printzipio eta arau heraldikoei erantzuten diela.

Azkenik, hori horrela, Gobernantza Departamenduak honako hau ebazten du: Getariako udal armarri berria onestea, foru agindu honen eranskinean jasotako irudikapen grafikoa eta ondorengo deskribapena dituena: ‘Armarri biribildua. Eremu zilarkaran, arpoiaz jotako balea beltz bat, olatu urdin eta zilarkaren gainean’.