Herria itsaso - logotipoa
Bilatu (+34) 943 896 024 | udala@getaria.eus | 8:30-15:00

Itzulpen automatikoa / Machine translation

inicia una campaña para la promoción de los sectores locales de comercio, hostelería...

maiatza / 09, 2020

Lar, 09/05/2020 – 11:21

Bertako merkatariak, ekoizleak, ostalariak eta zerbitzu espezifikoak eskaintzen dituzten profesionalen sektoreak suspertzeko kanpaina abiatu du Getariako Udalak

 

  • Heldu estatxa! Getariarron txanda!” lelopean Getarian kontsumitzera bultzatzea da helburua
  • Kanpainaren bitartez tokikoak eskaintzen duen balioa erantsia eta garrantziaz ohartarazi nahi da

 

“Heldu estatxa! Getariarron txanda!” lelopean, bertako merkatariak, ekoizleak, ostalariak eta zerbitzu espezifikoak eskaintzen dituzten profesionalen sektoreak sustatzeko kanpaina abiatu du Getariako Udalak. Nortasuna eta elkarlana ardatz.

 

“Arrauna talde lanaren adibide garbia da, gurea den zerbait. Zentzu horretan, itxialdiaren ondorengo itzulera honetan, estropada berri bat hasiko da Getariako kaleetan. Estropada hasieran ontziak norabide egokian bideratzeko patroiek estatxa heltzen dute. Momentu honetan, getariarrok ere estatxa heldu dugu. Gure txanda heldu da. Herri bezala jokatzeko. Trainerua bideratu eta elkarlanean arraun egiteko. Norabide berean. Urrutira iristeko taldean jokatzea beharrezkoa izango baita”, azaldu du Haritz Alberdi Getariako alkateak.

 

Herri-bizitzaren eragile dira. Hurbilekoak eta bereziak. Herritarren topagune. Ezagutza, gertutasuna eta kalitatea bermatzen dute eskaintzen dituzten produktu eta zerbitzuetan. “Beren produktuak, zerbitzuak eta bezeroak hurbiletik ezagutzen dituzte. Adituak dira beren alorrean. Tokiko kalitatezko produktuak eskaintzen dituzte. Erosketa esperientzia bikaina izatea bermatzen dute. Produktu eta zerbitzuen atzean pertsonak daude. Herritarrak. Ezagutzen gaituzte. Ezagutzen ditugu. Gure laguntza behar dute. Beren laguntza behar dugu”, nabarmendu du Alberdik.

 

Paladaz palada

“Heldu estatxa! Getariarron txanda!” estropadari gaur eman dio hasiera Getariako Udalak.   Datozen egun eta asteetan, paladaz palada, ekintza ezberdinak jarriko ditu abian: ikus-entzunezkoak, banderolak, horma irudi mosaiko erraldoia eta poltsa berrerabilgarriak.

 

“Ikus-entzunezko ezberdinak ekoizten ari gara. Alde batetik, herritarrei bideratutako bideoak. Bestetik, bisitariei begira herriko kultura, gastronomia, ostalaritza, merkataritza edota natura bistaratzen dituzten bideoak zabalduko ditugu. Horiez gain, banderolak jarriko dira herriko kaleko faroletan: tokiko merkatari, ostalari, ekoizle eta zerbitzu espefizikoak eskaintzen dituzten profesionalak bistaratzeko. Aldi berean, kultur etxeko horman mosaiko erraldoi bat osatuko da herriko sektore ezberdinetako profesionalekin. Azkenik, poltsa berrerabilgarriak banatuko dira kanpainako irudiarekin, berrerabilpena sustatu eta plastikoa gutxitzeko. Hilabetero, gainera, Artzape aldizkariarekin elkarlanean, sektore ezberdinetako profesionalei elkarrizketak egingo zaizkie”, gehitu du. Kanpaina, hortaz, urte guztian zehar luzatuko da.

Horrez gain, Getariako Udalak gogorarazi nahi du, Babexa Merkatarien eta Getabat Ostalari elkarteekin elkarlanean, protokoloa jarri duela abian herritarren segurtasuna bermatzeko.