2022ko LEHORRERATZEA. PARTE-HARTZE PROZESUAN ADOSTUTAKO ALDAKETAK.
ELKANOREN LEHORRERATZEA
BIRA BAT, 100 MUNDU
Irailaren 6an lehen mundu biraren 500 urteak eta Elkanoren Lehorreratze ekitaldiaren lehen mendeurrena izango dira. Testuinguru horretan, 2021ko irailaren 16an, Getariako Udalak Lehorreratzearen inguruan hausnarketa eta elkarrizketa irekia zabaldu zuen herrian eta herritarrekin.
Gaurdaino iraun duen partaidetza prozesuan 23 lan-saio egin dira eta adin desberdinetako 80 getariarrek baino gehiagok parte hartu du uneren batean. Asistentzia, bertaratuak, guztira, 200 baino gehiago izan dira eta honek pozik egotera eramaten gaitu.
Emakumeekin, gazteekin, nerabeekin, jatorri anitzeko getariarrekin edo mintzodromoan herritarrekin egin diren saioetan, datuez haratago, elkarrekin Lehorreratzeaz eta mundu biraz gehiago ikasteko balio izan duen ariketa bat dela pentsatzen da. Taldearen aniztasunak Lehorreratzea begirada desberdinetatik aztertzea eraman du. Guzti hori gainera posible izan da bertaratuen artean eman den elkarrizketa eraikitzaileagatik. Hartu-emanean eta jakintzan ondorio positiboak izan dituen erronka handia baina aberatsa izan dira saio guzti horiek.
Moldaketa eta berrikuntza batzuen beharra adierazi dute parte hartzaileek, baita horietako batzuk aurtengo Lehorreratzean txertatu beharra. Pate hartze prozesuetan adituak diren aholkularitza enpresak lagunduta, lan horretaz arduratu dira Udalean ordezkaritza duten bi alderdietako kideak, teknikariak, Elkano Fundazioko partaideak eta herri-elkarrizketan parte hartutako 4 herritarrak. Hauxek dira irailaren 6ko Lehorreratzean ikusi ahal izango diren egokitzapenak:
Bata, moldaketek antzezlanaren 3 eremuetan eragingo badute ere ekitaldiaren esentzia zaindu egingo dela.
Bestea, Itsasontzitik lehorreratzen diren marinelen kopurua 21 lagunekoa izango dela. Beti izan duen solemnitate mezu hori mantendu nahi da eta aldaketarik esanguratsuena orain dela 500 urte 18 tripulanteekin etorritako jatorrizko herrietako 3 pertsonetan zentratuko da. Ibilbideak gainera bi zati izango ditu. Lehenengoan bidaiaren gogortasuna adieraziko da eta bigarrengoan 18 tripulanteek amabirginari egin zioten promesa. Beraz, lehenengoan 3 indigenak egongo dira baina elizako pasartean ez dute parte hartuko, (Pia-Pian geldituko dira) eta ondoren antzezpenean jarraituko dute.
Elizatik plazara doan eremuan mundu anitzaren irudikapenarekin jarraituko da. Hau da, espedizioak munduari bira eman ahala topatu zuten koloretako mundua. Aldaketa ordea, ordezkaritzan dator. Kontinenteak adin desberdinetako pertsona multzoek (3-6 artean) ordezkatuko dituzte, garai hartako jantzi eta elementuekin. Europako ordezkaritza Getaria izango da herriari keinua eginez. Pertsonaietako bat Elkanoren ama izango da gainera, bere lan, abilezia, jakintza etab. mahaigaineratzeko.
Azken zatia plazatik monumentura doana izango da eta hemen Getariako herriak Elkanori egiten dion aitortza irudikatuko da. Aldaketa lekuan dago. Orain arte plazan egiten zena Elkanoren Monumentuan egingo da. Bertan elementu sinboliko baten bitartez mundu anitza irudikatuko da eta Gora Elkano kantatu.
Azkenik, megafoniatik eta esku-orrietan zabalduko den mezua berritu egingo da azken urteetan egin den lanketa barneratzeko. Partaidetza eta parekidetasunaren aldeko apustua egiten da, modu honetara, antzezlaneko pertsonaiak zozketatu egingo direlarik parekidetasuna zainduz. Besteak beste, kontinenteetako ordezkariak, karroza mugituko dutenak, tripulanteen artean egon daitezkeen hutsuneak eta indigenen papera antzeztuko dutenak.