UREN BEREIZKETA LANEN AMAIERA. TXOSTENA

Lar, 01/07/2017 - 11:03

AZPIEGITURA GARRANTZITSUA INGURUMENA ZAINDU ETA UHOLDEEI IRTENBIDEA EMATEKO:
Azken hamarkadatan, herrian izan den erronka handienetakoa izan da lanketa hau; batez ere, ingurumenari dagokionez. Hainbat urtetan, herriko uren zati handi bat ondo bereizi gabe isuri dugu itsasora, eta horrek, noski, eragin kaltegarria izan du ingurumenerako.
Aurrez, herriaren Alde Zaharreko eta Alde Berriko urak ondo bereizita zeuden, oro har. Errepide Nazionalaren azpiko banaketa-lanak, ordea, egiteke zeuden, eta beraz, Alde Berritik behera zetozen urak nahasi egiten ziren errepideren azpian. Horrenbestez, ura nahasita jaisten zen Alde Zaharrean behera, araztegiraino, eta handik, itsasora isurtzen zen.
Euri askoko egunetan edo bat-bateko euri-jasa handietan, agerikoa izan da Artzapetik hasi eta Kale Nagusian gora nahasitako urek gainezka egiten zutela. Hoditeria ongi berezi gabe izatean, araztegia buxatu egiten zen, ezin izaten baitzuen gehiegizko ur-kantitatea behar bezala kudeatu. Urteak pasatu ahala, Getaria eta, batez ere, Alde Berria hazten joan dira, eta horrek, bideratutako ur-kantitatea handitu den neurrian, are gehiago larritu du arazoa.
LANAK:
3 urtez lanean jardun ostean, 2017ko urtarrilean amaitu ziren lanak.
Euri-urak bideratzeko: 428 m hodi jarri dira
Saneamendurako: 69 m hodi.
Hornikuntzarako: 250 m hodi
DATU EKONOMIKOAK:
Egin diren lan guztiek 640.000 €-ko kostua izan dute guztira.
Lan horietako batzuk Gipuzkoako Ur kontsortzioak ur-horniduran eta -saneamenduan egindako hobekuntzei dagozkie: 175.000 €
Eusko Jaurlaritzak 250.000 €-ko dirulaguntza eman du
Gipuzkoako Diputazioak 22.000 €-ko laguntza eman du; horrez gain, bere gain hartu ditu proiektua idaztearen kostua eta obra-zuzendaritzaren kostua.
Azkenik, Getariako Udalak 191.300 € jarri ditu lan hauek egiteko.
4 ERAKUNDEEN ARTEKO ELKARLANA:
Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Getariako Udala, Ur-Kontsortzioa